Mundua -

Tiroketa Parkland-en

Floridako sarraskian hildako biktimak identifikatu dituzte

17 hildakoen artean institutuko hiru langile daude, gainerako guztiak ikasle adingabeak dira.

Biktimen lagun eta senideak, bijilian. Argazkia: EFE
Biktimen lagun eta senideak, bijilian. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Broward Konderriko Udaltzainen Bulegoak Nikolas Cruzek aurreko asteazkenean Floridako institutu batean egindako sarraskiko 17 hildakoak identifikatu ditu. Cruz Uber taxi batean heldu zen zentrora, maleta batean errifle automatiko bat zeramala.

Scott Israel konderriko sheriffak emandako biktimen zerrendan, eskolako hiru langileren izenak ageri dira: Aaron Feis, futbol amerikarraren taldeko entrenatzailea; Chris Hixon atletismo entrenatzailea eta Scott Beigel geografia irakaslea.

Hauek dira gainerako hildakoak, denak ikasleak:

Joaquin Oliver

Peter Wang

Nicholas Dworet

Luke Hoyer

Alaina Petty

Jamie Guttenberg

Alex Schachter

Martin Duque

Alyssa Alhadaff

Helena Ramsey

Cara Loughran

Meadow Pollack

Gina Montalto

Carmen Marie Schentrup

Cruz espetxera bidali zuten atzo goizean, 17 pertsona hiltzea leporatuta, eta sarraskiaren egilea izatea aitortu zion Poliziari.

Gertatutakoaren kontakizuna

Isralek emandako azalpenen arabera, Cruz (19 urte) emakume batek gidatzen zuen Uber taxi batean heldu zen institutura 02:19ean (20:19, gurean), eta bigarren hezkuntzako zentroko atarira zuzendu zen, AR-15 erriflea maleta beltz baten barruan zeramala.

Hortik aurrera, gazteak (ikasle ohia zen) bereizi gabe egin zuen tiro bere ikaskideen aurka korridore eta gelatan, eraikineko hiru solairuetan. Ondoren, arma bertan utzi eta oinez atera zen, beste ikasleekin batera.

Horrezkero, Walmart denda batera joan zen, freskagarri bat erosi zuen Subway lokal batean, eta McDonald's jatetxe batera joan zen.

Israeleren esanetan, arazorik gabe atxilotu zuen Cruz Coral Springseko Poliziak, aipatutako jatetxearen inguruetan.

Sheriffak azaldu duenez, sarraskian erabilitako arma modu legalean erosi zuten Coral Springseko denda batean, Floridako hegoaldean, eta momentuz ezin izan dute baieztatu Cruz arraza nagusitasuna defendatzen duen talde bateko kide ote den, zenbait hedabidek argitaratu dutenez.

Ikerketaren arabera, gaztea aurreko urtean kaleratu zuten eskolatik, bikotekide ohiaren orduko bikotekidearekin borrokatu eta gero. Beste egunean, institutura heldu zenean, ke-granadak bota zituen, sute alarmak aktibatzeko eta, bere ikaskide ohiak geletatik irten zirenean, tiro egin zuen haien kontra.

Atentatuan zauritutako hiru gazte egoera kritikoan daude Broward Health Medical Center eta Broward Health North ospitaleetan.

17 pertsona hil eta 15 zauritu ziren Parklandeko sarraskian eta urtea hasi denetik AEBko ikasketa zentroetan izan den 18. gertaera izan da.

Julen Arriaga, 14 urteko ikaslea, Floridan izandako tiroketaren lekuko
Julen Arriaga, 14 urteko ikaslea, Floridan izandako tiroketaren lekuko
Julen Arriaga, 14 urteko ikaslea, Floridan izandako tiroketaren lekuko

1:50

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak albisteak Albisteak