Mundua -

Dumako erasoa

Siriaren inguruko erabaki bat datozen 24 edo 48 orduetan hartuko du Trumpek

Dozenaka hildako utzi zituen larunbateko erasoa berriz gaitzetsi du Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. “Gupidagabea” eta “izugarria” izan zela salatu du Trumpek.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duman (Siria) egindako ustezko eraso kimikoari datozen 24 edo 48 orduetan erantzungo diola ziurtatu du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.

Trump bere kabinetearekin bildu da astelehen honetan. Dozenaka hildako utzi zituen larunbateko erasoa berriz gaitzetsi du buruzagiak. “Gupidagabea” eta “izugarria” izan zela salatu du Trumpek.

“Aukerarik ez dugu baztertzen”, ohartarazi du Trumpek, ekintza militar baten aukeraren inguruan galdetuta.

Zentzu horretan, gertatukoaren aurrean eman beharreko erantzuna eztabaidatzen ari da bere Administrazioa, eta datozen 24 edo 48 orduetan erabaki bat hartuko du, azaldu duenez. “Gizatasun afera da, ezin dugu gertatzea onartu”, defendatu du Trumpek.

Horrela gauzak, erasoa “errusiarrek, Siriak, Iraneko, edo hirurek batera” egin ote zuten jakingo du AEBk, ziurtatu duenez.

“Ez zutela egin diote beraiek, baina niretzako ez dago zalantza handirik. Datozen orduetan jeneralek jakingo dute”, erantsi du.

Trump: "Aukerarik ez dugu baztertzen"

Bestalde, Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiarekin bilera historikoa “maiatzean edo ekainaren hasieran” izango dela adierazi du Trumpek, baina ez du tokiaren inguruko xehetasunik eman.

“Elkar ikusiko gara maiatzean ala ekainaren hasieran, bi aldeen arteko errespetua izango dela uste dut, eta desnuklearizazioaren inguruko akordio bat espero dut”, esan du Trumpek Etxe Zurian.

“Bilera oso interesagarria izango da, munduarentzat oso interesgarria”, gaineratu du.

Gainera, hitzorduaren ostean Washingtonen eta Piongiangen arteko harremana “oso bestelakoa” izateko itxaropena agertu du Trumpek.

Bilera non izango den ez dute oraingoz jakinarazi, baina Ulan Batorren (Mongolia) egiteko zurrumurrua zabaldu da azken egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia albisteak Gaurko azken orduko albistea Iran argazkiak Donald Trump albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?