Mundua -

Etxe Zuria

CIAren zuzendaria Kim Jong-unekin bildu da Ipar Korean

Bidaia martxoa bukaeran egin zuen, Aste Santuan, eta Trump eta Kim Jong-unen artean egitekoa den bilera prestatzea izan da horren helburua.

Pompeo AEBko Atzerri Politikako buru izango da seguruenik. Argazkia: EFE
Pompeo AEBko Atzerri Politikako buru izango da seguruenik. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mike Pompeo CIAren zuzendari eta AEBko hurrengo Estatu idazkaria izateko hautagaia Ipar Korean egon zen martxoa bukaeran, Kim Jon-unekin biltzeko, Donald Trump datozen asteotan harekin bildu aurretik, hedabide estatubatuarren arabera.

Bidaia martxoa bukaeran egin zuen, Aste Santuan, eta Trump eta Kim Jong-unen artean egitekoa den bilera prestatzea izan da horren helburua, hala nola, Piongiangen arma nuklearren programaren inguruan ere bai, bidaiaren berri izan duten bi iturriek diotenez, The Washington Post egunkariaren arabera.

Pompeo AEBko Atzerri Politikako buru izateko hautagaia da, Trumpek horren izendapena martxoaren 3an iragarri zuenetik, Rex Tillerson aurrekoa kaleratzen zuela iragartzeko zabaldu zuen mezu berean, Twitterren.

Etxe Zuriaren erabaki horrek zenbait aditu beldurtu ditu, Washington eta Piongiangen arteko bilera arriskuan jar zezakeelakoan, Pompeo Tillerson baino askoz ere gerrazalea izateagatik ezagutua delako.

Halere, Senatuan egindako agerraldian, Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) zuzendaria zuhurragoa agertu zen, Ipar Korearekiko harremanez galdetu ziotenean.

"Ez naiz inoiz jarrera aldaketaren aldekoa izan. Ez dut jarrera aldaketa babesten", esan zuen Pompeok Ben Cardin Marylandeko senatari demokratak egindako galderari erantzunda.

Trumpek bi herrialdeen arteko goi mailako bilera izan dela jakinarazi ostean zabaldu du berria The Washington Postek.

"Ipar Korearekin zuzenean hitz egiten hasi gara, maila gorenean", esan du Trumpek Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa aurrean zuela, AEBra bisita egin baitu.

Gainera, funtzionario estatubatuarren esanetan, Trumpek eta Kimek AEBren eta Ipar Korearen arteko historiako lehen bilera egingo dutela maiatzean edo ekainean, eta bost leku aztertzen ari dira topaketa egiteko, baina ez zuten zehaztu zeintzuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Albisteak Donald Trump Ipar Korea