Mundua -

Klima

Energia irlekin eta "irudikatzeke" dauden lanpostuekin amaitu da Bidenen goi-bilera

Hala eta guztiz ere, eta baikortasuna berritu duten arren, buruzagiek aitortu dute zaila dela aurrean duten egitekoa.

Klima Aldaketa. Argazkia: EiTB
Klima Aldaketa. Argazkia: EiTB
Klima Aldaketa. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk antolatutako Klimaren Goi-bilera gaur amaitu da, nazioartearen konpromisoak berrituta eta klima aldaketari aurre egiteko oraindik "irudikatzeke" dauden milioika enplegu sortuko diren etorkizuna ortzi-mugan.

"Oraindik irudikatu ere egin ez ditugun lan eremuetan jardungo duten beharginak egongo dira baserri, laborategi eta unibertsitateetan", adierazi du Joe Biden AEBko presidenteak gaurko hitzartzean, mundu osoan "ondo ordaindutako milioika lanpostu" sortzeko “aukera" irekiko dela azpimarratzeko.

Horren harira, Bill Gates Microsoften sortzaileak ohartarazi du "gaur egun erabiltzen den" teknologiarekin "ezin" direla negutegi efektua eragiten duten gasen murrizketa lortu, eta horregatik sektore publikoak eta pribatuak "inbertsio bateratu handia" egin behar dutela.

"Ez da egongo politikari bat" ekonomia iraunkor eta berderantz "doan merkatua aldatuko duenik", azaldu du John Kerryk, Bidenek goi-bilerara bidali duen bidali bereziak.

Nazioarteko lankidetza

Pandemiaren eraginez birtualki egin duten goi-bileran, mundu mailako 40 agintarik parte hartu dute, eta ekonomia berde eta iraunkorrerantz pausoak emateko eta gas isuria murrizteko asmoak azaldu dituzte.

Bidenek txalotu egin du parte-hartzaileek erakutsitako jarrera, eta adibide gisa Vladimir Putin Errusiako presidentearen hitzak aipatu ditu, Washingtonen eta Moskuren artean tentsio diplomatikoa hazten ari den honetan.

"Putin presidenteak eta nik desadostasunak ditugu, baina espaziotik karbonoa nola hartu azaltzen ari da. Zentzu handia du: Errusiako presidentea eta ni ados ez gauden arren, bi nazio handi hauek elkarlanean aritu daitezke irtenbideak lortzeko", gaineratu du Bidenek.

Gasa isurtzen duten estatu handienetako bi dira AEB eta Japonia, eta ostegunean isuriak murrizteko eta neutraltasun klimatikoa 2050ean lortzeko helburu berriak iragarri zituzten atzo. Europar Batasunak ere bere egin zuen helburu hori, eta Txinak eta Errusiak gerturatzeko konpromisoa hartu dute.

Gaurkoan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak parte hartu du goi-bileran, eta txalotu egin du AEB, Bidenen Administrazioarekin, klima aldaketaren aurkako Parisko Akordiora itzuli izana.

"Hori da gure garaiaren mehatxuari aurre egiteko modu bakarra", azaldu du Sanchezek AEBren buruzagitzaren beharraz.

Energia irlak

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hitzeman du 2025ean ez duela "ikatzik erreko" elektrizitatea ekoizteko zentraletan, eta hamarkada amaitzerako horniduraren "herena" energia berriztagarriena izango dela.

Bien bitartean, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak "energia irlen" proiektua defendatu du, elektrizitate garbia ekoizteko Iparraldeko Itsasoan jarriko duten azpiegitura.

"Imajinatu Iparraldeko Itsasoan hegan. Ehunka turbina eoliko zerumugan. Gerturatu ahala, irla bat ikusten da, irla bat elektrizitate garbia sortzen, erregai garbia, Europako milioika etxebizitzatarako berrikuntza berdea", adierazi du Frederiksenek.

Helburuak

Ostegunean, goi-bilera irekitzeko hitzaldian, Bidenek 2030erako gas isuriak % 50 inguru murrizteko konpromisoa hartu zuen, 2005ekoen aldean, Parisko Akordioan hasiera batean esandakoa halako bi.

Hala eta guztiz ere, eta baikortasuna berritu duten arren, buruzagiek aitortu dute zaila dela aurrean duten egitekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Microsoft Danimarka Larrialdi klimatikoa Joe Biden