Mundua -

Iran

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu Iran hegoaldean egindako eraso "suizidak"

Telegrameko kanalen bidez zabaldutako ohar batean, Estatu Islamikoak azaldu du bi militante "jendetzara" hurbildu zirela Kermaneko Soleimaniren hilobitik gertu, eta "zartarazi" egin zituztela haien "lehergailu gerrikoak". Gainera, bi erasotzaile suizidak identifikatu ditu.

Atentatua Iranen. Argazkia: EFE
Atentatua Iranen.
Atentatua Iranen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak bere gain hartu du gaur Iran hegoaldeko Kerman herrian Qasem Soleimani komandante irandarraren hilketaren laugarren urteurrenean gutxienez 84 hildako utzi zituen eraso "suizida" bikoitza.

Telegrameko kanalen bidez zabaldutako ohar batean, Estatu Islamikoak azaldu du bi militante "jendetzara" hurbildu zirela Kermaneko Soleimaniren hilobitik gertu, eta "zartarazi" egin zituztela haien "lehergailu gerrikoak". Erasoan 84 pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu zituzten, Irango agintarien arabera.

Gainera, Estatu Islamikoak bi erasotzaile suizidak identifikatu ditu: Omar al Mowhid eta Saifala al Muyahid. Atentatua egin zuten "politeistek jakin dezaten jihadistak euren atzean daudela", agiriaren arabera.

Esan bezala, erasoak 284 zauritu utzi zituen, eta horietatik 220k ospitaleratuta jarraitzen dute, Irango buruzagien arabera.

Irango presidentea ez da Turkiara joango

Ebrahim Raisi Irango Errepublika Islamikoko presidenteak bertan behera utzi du Turkiara egitekoa zuen bidaia ofiziala, Qasem Soleimani lurperatuta dagoen hilerritik gertu izandako bi leherketen ondoren. Hain zuzen ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako Errepublikako presidentearekin biltzeko asmoa zuen Raisik. Azken datuen arabera, 100 pertsona inguru hil dira atentatu horretan, Soleimani Iraneko goi kargu militarraren hilketaren laugarren urteurrena gogoratzen ari ziren unean jazo zena.

"Kerman hirian izandako eraso terroristaren ondoren, presidenteak bertan behera utzi du Turkiara egitekoa zuen bidaia. Bi aldeek aurreikusita zuten bilera beste egun batean gauzatuko da", azaldu du Irango gobernuko bozeramaile batek.

Hosein Amirabdolahian Irango Kanpo ministroak nabarmendu duenez, "samina eta tristura" eragin ditu 100 hildako inguru utzi dituen atentatu horrek. Halaber, NBEren aurrean "prozedura juridikoa" abiatuko dutela iragarri du.

"Terrorismoa baliatuz euren helburuak lor ditzaketela uste dute Irango etsaiek, baina herrialde honek argi utzi du hilketok ezin dutela Irango kohesioa, segurtasuna eta bide-orria ezbaian jarri", ziurtatu du Irango Kanpo ministroak. Ildo horretatik, "sionisten hilketak" deitoratu ditu, eta babesa berretsi dio Palestinari.

AEBren arabera, Israelek ez du inolako loturarik leherketekin

Testuinguru horretan, Matthew Miller AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak doluminak adierazi dizkie "leherketa lazgarri honetan hil diren herritarren senideei", eta Israelek ez duela inolako erantzukizunik ziurtatu du kazetarien aurrean egindako agerraldian.

"Goiz da atentatuaren erantzulea nor izan den jakiteko, baina argi utzi nahi dut AEBk ez duela zerikusirik izan leherketekin. Halaber, ez dugu Israel atentatu horren atzean dagoela pentsatzeko arrazoirik", azpimarratu du AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak.

Abenduaren 25ean, Israelek Razi Musavi Irango Guardia Iraultzaileko goi kargua hil zuen, Damaskon (Siria) izandako bonbardaketa batean.

Europar Batasunak, irmo gaitzetsi du Iran hegoaldean dagoen Kerman hirian izandako atentatua, eta doluminak adierazi dizkie biktimen ingurukoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Ekialde Hurbila gaur