Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Trumpek garaipen argia lortu du Iowako caucusetan, errepublikanoen artean lidergoa baieztatuta

AEBko presidente ohiak botoen % 51,1 eskuratu ditu, eta 30 puntuko aldea atera die lehiakide gertukoenei (Ron DeSantis eta Nikki Haley). Vivek Ramaswamy enpresaburu eta laugarren hautagaia lasterketatik kanpo geratu da. Bidenek aitortu duenez, Trump da errepublikanoen "faborito argia".

Trump, bart Iowan. Argazkia: EFE
Trump, bart Iowan.
Donald Trumpek garaipen argia lortu du Iowako caucusetan eta ez die aurkariei inolako aukerarik eman

0:40

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donal Trump AEBko presidente ohi eta 2024ko hauteskundeetan errepublikanoen hautagai izan daitekeenak garaipen eztabaidaezina eskuratu du Iowako caucusetan. Botoen % 51,1 lortu ditu, bigarren hautagairi, Ron DeSantis Floridako gobernadoreari, 30 puntuko aldea aterata. 

Kontaketa ia bukatuta dagoela, Trumpek 55.835 boto eskuratu ditu, Ron DeSantisen bikoitza baino gehiago (23.172 boto, % 21,2). Nikki Haley Hego Karolinako gobernadore ohi eta Nazio Batuen enbaxadore izandakoa hirugarren postuan geratu da: 20.817 boto zenbatu dituzte (% 19,1). 

Iowako caucusek utzi dute "biktima" bat. Vivek Ramaswamy enpresaburua (laugarren postuan, 8.358 boto eta % 7,6) barne hauteskundeen lehiatik atera da, eta Trumpi babesa erakutsi dio. 

Lehen caucus hauetan 40 ordezkari banatzen dira. Horrenbestez, Trumpek 20 eskuratu ditu; De Santisek, 8, eta Haleyk, 7. Gainerako bi ordezkariak behin betiko emaitzen arabera banatuko dira. 

Trump: "Gure herrialdea batzeko unea da"

Garaipena baieztatuta, agerraldia eskaini du buruzagi errepublikanoak. "Gure herrialdeak batu beharra dauka. Bat egin nahi dugu. Izan errepublikanoa ala demokrata, liberal zein kontserbadore... ondo legoke denok batzea eta mundua konpontzea. Begi aurrean dugun heriotza eta hondamendiarekin bukatzeko garaia da", nabarmendu du. 

DeSantis ere pozik agertu da zaleen aurrean. "Gure heriotza-oharra idazten ari ziren duela hilabete batzuk. Are gehiago, jendeak bozkatzeko aukera izan aurretik garailea nor zen iragarri zuten", salatu du. Izan ere, hedabideei barne hauteskundeetan "esku hartzea" leporatu die, caucusak hasi eta ordu erdira Trumpen garaipena iragartzeagatik. 

Azkenik, DeSantisengandik bi puntu eskasera geratu den Nikki Haleyk ere irakurketa positiboa egin du. "New Hampshiren, Hego Karolinan eta beste estatu batzuetako gure emaitzak ikusten dituzunean, argi geratzen zaizu errepublikanoen barne hauteskundeetan bi pertsonen artean egongo dela lehia" (Trump eta biok kokatu ditu borrokan, DeSantis baztertuta). 

Bidenen ustez, Trump da errepublikanoen "faborito argia"

Trumpen garaipena baieztatuta, Joe Biden AEBko presidenteak berak "faborito argitzat" jo du Alderdi Errepublikanoko buruzagia. 

"Badirudi Donald Trumpek irabazi duela Iowan. Bera da, gaur-gaurkoz, faborito argia beste taldean. Baina hori da kontua: hauteskunde hauetan zu (boto-emailea) eta biok gaude MAGAko (Make America Great Again, Trumpen leloari erreferentzia eginda) errepublikano muturrekoen kontra", idatzi du X sarean. 

Jarraitzaileei bere kanpainarako dirua eskatzeko baliatu du agerraldia Bidenek. Izan ere, argudiatu duenez, AEBko demokraziarentzat "mehatxu larria" da, eta aurre egin behar zaio.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump