Mundua -

AEB

Ron DeSantis gobernadoreak errepublikanoen lehia utzi eta Trump babestu du

Sare sozialetan eskegitako bideo batean azaldu duenez, ezin du dirua eskatzen jarraitu "argi dagoenean boto-emaile gehienek Donald Trumpi beste aukera bat eman nahi diotela". Orain presidente ohiaren eta Nikki Haley NBEn enbaxadore izandakoaren artean dago norgehiagoka.

DeSantis, ekitaldi batean, amore eman aurretik. Argazkia: EFE
DeSantis, hauteskunde ekitaldi batean.
Ron DeSantisek Etxe Zurirako lehia utzi eta Donald Trumpi babesa eman dio

0:44

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ron DeSantis Floridako gobernadoreak amore eman du. Atzo iragarri zuenez, errepublikanoen lasterketa utzi eta Donald Trump presidente ohiaren alde egingo du. 

Hori horrela, Etxe Zurirako errepublikanoen barne hauteskundeetan bi hautagai baino ez dira geratzen: Trump bera eta Nikki Haley NBEko AEBn enbaxadore ohia. 

"Aldeko emaitza lortzeko zerbait egiterik balitz, ekitaldi gehiago, elkarrizketa gehiago... egingo nuke, baina ezin diet jarraitzaileei euren denbora eta euren dirua eskatzen jarraitu. Ondorioz, bertan behera utziko dut kanpaina", azaldu du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

DeSantisen aburuz, "argi dago errepublikanoen barne hauteskundeen boto-emaile gehienek Donald Trumpi beste aukera bat eman nahi diotela". 

New Hampshireko caususak baino bi egun lehenago egin du bere iragarpena Floridako gobernadoreak. Arestian Trumpekin desadostasun nabarmenak izan baditu ere, babesa eman dio, Joe Biden presidente demokrata baino aukera hobea dela argudiatuta. 

"Trumpek nire babesa du, ezin dugu behinolako errepublikanismora itzuli", adierazi du Haley jomugan jarrita. Izan ere, horren ustez, NBEren enbaxadore ohia demokraten aurrean  amore ematen du. 

2019tik Floridako gobernadore denak iazko martxoan iragarri zuen bere hautagaitza. Trumpi aurre egiteko gai zen bakarra zela esan zuten orduan, baina babesak galtzen joan da. 

Iowako caucusetan bigarren geratu zen DeSantis, baina Trumpengandik urrun samar. Dena dela, New Hampshireko lehian hirugarren postuan geratuko zela zioten inkestek. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump