Mundua -

Errusia

Aleksei Navalniren amak semearen heriotza-ziurtagiria jaso du Kharpeko espetxean bertan

Errusiako oposizioko kide ezagunenaren bozeramaileak Navalniren heriotza baieztatu du, eta gorpua berehala familiaren esku uzteko eskatu du.

Navalni, espetxean, aste honetan bertan.
Navalni, espetxean, aste honetan bertan.
Navalni, espetxean, aste honetan bertan.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Liudmila Navalnaia, Aleksei Navalniren ama, larunbat honetan iritsi da Kharpeko espetxera, eta bertan jaso du semearen heriotza-ziurtagiria, espetxeetako funtzionarioen eskutik. Hala baieztatu du Navalniren bozeramaileak, Kira Jarmyshek, X sare sozialean eta Aleksei Navalniren gorpua berehala familiaren esku uzteko eskatu du.

Jarmyshen hitzetan, Navalni ostiral arratsaldean hil zen, bertan 14:17 zirenean (09:17 GMT), amari emandako agirian jasotzen denez. 

Horren esanetan, gorpua presondegitik gertu dagoen hirira eraman zuten, Salekhard hirira, ikertzaile errusiarrek "ikerketa" egiteko. 

Radio Libertyren arabera, hildakoaren ama, Liudmila Navalnaia, hegazkinez joan da azken orduetan Moskutik Salekhard hirira, Jamalia-Nenetsia barruti autonomoan, eta handik Kharp herrira joan da autoz. Han dago IK-3 kartzela, eta semea abendutik zegoen preso bertan.

Ama otsailaren 12an bildu zen bertan semearekin. "Osasuntsu eta pozik zegoen bizirik egoteagatik", idatzi zuen ostiralean politikariaren amak Facebooken. Liudmila Navalnaiak esan du ez duela doluminik jaso nahi.

Navalniren taldeak bezperan aurreratu zuenez, abokatua eta Putinen oposizioko kidearen senideak larunbatean ziren Kharpera iristekoak, gorpua identifikatu eta heriotzaren inguruabarrak eta autopsiaren emaitzak ezagutzeko asmoz.

Navalni, 47 urteko abokatu ohia, Vladimir Putinen aurkako oposizioaren aurpegi ezagunena, ostiralean hil zen, Kharp hirian, Artikoko "Otso Polar" espetxean, Moskutik 1.900 kilometro ipar-ekialdera, ia 30 urteko zigorra betetzen ari zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur