Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelgo portu batek langileen erdia kaleratuko ditu Itsaso Gorrian huthien erasoak direla eta

Eilateko portuko zuzendaritzak (Israelgo hegoaldea) iragarri du 120 beharginetatik 60 kaleratzeko asmoa duela, eta protestak aurreikusita daude. Milizia huthien erasoek ez dute etenik izan azken bost hilabeteetan, Itsaso Gorrian zein Adengo Golkoan.

Eilateko portuak (Israelgo hegoaldea). Argazkia: Wikimedia Commons
Eilateko portuak (Israelgo hegoaldea). Argazkia: Wikimedia Commons
Eilateko portuak (Israelgo hegoaldea). Argazkia: Wikimedia Commons

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eilateko portuak (Israelgo hegoaldea) beharginen erdia kaleratzeko asmoa du, huthiek Itsaso Gorrian egindako erasoen ondorioz lanik ez dagoelako, Histadrut Israelgo sindikatuen federazioak jakinarazi duenez.

Milizia huthien erasoek ez dute etenik izan azken bost hilabeteetan, Itsaso Gorrian zein Adengo Golkoan. Epe horretan, 70 eraso baino gehiago izan dira eskualdean, tartean martxoaren 2an MV Rubymar zama-ontzia hondoratu zuten.

Histadrut ehunka mila langilek osatzen dute. Sindikatuen federazioak jakitera eman duenez, portuko zuzendaritzak iragarri du 120 langileetatik 60 bat kaleratzeko asmoa duela, eta protestak aurreikusita daudela, Israelgo komunikabideek jaso dutenez.

Eilat Itsaso Gorriaren iparraldeko muturrean dago, eta kaltetutako lehen portuetako bat izan zen ontzi-enpresek trafikoa desbideratu zutenean, huthien erasoak saihesteko Yemenen.

Urtarrilean, Eilateko portuko zuzendari Gideon Golberrek adierazi zuen lana ia hutsera murriztu zela, urriaren amaieratik, Gazari elkartasuna adierazteko huthien erasoak hasi zirenetik, ontzirik ere jaso ez dutelako.

Nortzuk dira huthiak eta zergatik borrokatzen dute Yemenen?
Nortzuk dira huthiak eta zergatik borrokatzen dute Yemenen?
Nortzuk dira huthiak eta zergatik borrokatzen dute Yemenen?

0:44

Eilateko portuak nagusiki autoen inportazioak eta Itsaso Hiletik datozen potasa esportazioak maneiatzen ditu. Izatez azpiegitura oso txikia da Israelgo Haifa eta Ashdodeko portu mediterraneoekin alderatuta, horiek Estatu sionistaren ia merkataritza guztia kudeatzen baitute.

Baina Eilat Jordaniako kostaldeko sarbide-puntu bakarraren ondoan dago, Aqaban, eta Asiara sartzeko ate bat eskaintzen dio Israeli, Suezko kanalean nabigatu beharrik gabe.

Azken hilabeteetan, milizia huthiek irismen luzeko dozenaka misil jaurti dituzte Israelgo lurraldera, mendebaldeko zenbait merkataritza-ontziri erasotzeaz gain, baita Ameriketako Estatu Batuetako USS Carney gerra-ontziari ere, Itsaso Gorrian. Yemendarrek Itsaso Gorrian zebilen ontzi bat ere konfiskatu zuten azaroan, eta Yemengo portu batera desbideratu zuten.

Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen itsas operazioek Yemenetik jaurtitako misilak eta dronak suntsitzen jarraitzen dute, baina oraingoz ez dute lortu eraso horiekin bukatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina Ekialde Hurbila Jordania