Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Gazan giza laguntza gehiago sartzeko neurriak iragarri ditu Israelek, baina "ez da nahikoa", EBren ustez

Israelek Erezko pasabidea irekiko du, behin-behinean Axdod hiriko portutik laguntza humanitarioa sartzea baimenduko du, eta Kerem Xalomeko pasabidetik sartzen den laguntza areagotuko du. AEBk begi onez hartu du Israelen erabakia, baina EBren ustez, "ez da nahikoa Gazan gosetea saihesteko".

Desplazatuak Gazan, Rafahko mugatik gertu. Argazkia: EFE
Desplazatuak Gazan, Rafahko mugatik gertu
Israelek Axdodeko portua eta Erezko pasabidea irekitzea onartu du, laguntza humanitario gehiago bidaltzeko

0:37

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Gobernuak "berehalako neurriak" iragarri ditu Gazako Zerrendan giza laguntza gehiago sartzea ahalbidetzeko, bart Joe Biden AEBko presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak telefonoz hitz egin ondoren. Elkarrizketa horretan, Gazarako su-etena lortzeko eta bertako egoera humanitarioa hobetzeko eskatu dio presidente estatubatuarrak lehen aldiz agintari israeldarrari.

"Laguntza handiagotzeak krisi humanitarioa saihestuko du, eta funtsezkoa izango da borrokek jarraitzeko eta gerraren helburuak lortzeko", adierazi du Netanyahuren bulegoak ohar bidez.

Hortaz, giza laguntza gehiago sartzeko bi pasabide irekiko ditu Israelek iparraldean: Erezko pasabidea, gerra hasi zenetik lehen aldiz, eta Axdodeko portua. Halaber, hegoaldean, Kerem Xalomeko pasabidetik Jordaniatik barrena sartzen den giza laguntza handituko du.

Bidenek ohartarazpena egin ondoren etorri da Israelen erabakia. AEBko Gobernuak ohartarazi dio babesa emateari utziko diola Israelek bere gerra politikan aldaketarik egin ezean, zibilak babesteko eta giza laguntza banatzen duten langileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen ez baditu.

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak begi onez hartu du Israelgo Gobernuaren erabakia, eta neurriak "azkar" aplikatzeko eskatu du. Halaber, hori ahalbidetzeko, Israelgo, Jordaniako eta Egiptoko gobernuekin, Nazio Batuen Erakundearekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.

Josep Borrell EBko Atzerri Politikako buruaren ustez, aldiz, "oraindik ez da nahikoa Gazan gosetea saihesteko".

"WCK-ko zazpi langile hil eta nazioarteko presioa gero eta handiagoa izan ostean, Israelgo Gobernuak korridore batzuk irekiko ditu laguntza humanitarioa bideratzeko. Ez da nahikoa Gazan gosetea saihesteko", idatzi du Borrellek X sare sozialean.

Bestalde, Gazan gertatzen ari denak gizateria "arauetan eta estandar globaletan erabateko fedea galtzeko zorian" jarri duela esan du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Guterresek esan du "barkaezina" litzatekeela Segurtasun Kontseiluak onartutako bi ebazpen bakarrak ez aplikatzea. Gogora ekarri duenez, duela hamar egun Gazako Rafahko mugara egindako azken bidaian langile humanitarioek esan zioten Gazako sufrimendua eta suntsipena "inoiz ikusi duten okerrena" dela.

"Langile humanitario beteranoek argi eta garbi adierazi didate Gazako krisia eta sufrimendua ikaragarriak direla. Laguntza humanitarioarekin kargatutako kamioi-ilara luzeek oztopoei aurre egiten jarraitzen dute. Laguntzari ateak ixten zaizkionean, goseari ateak irekitzen zaizkio", deitoratu du Guterresek.

NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du Gazako herritarren erdiek baino gehiagok (milioi bat pertsona baino gehiago) goseari aurre egin behar diotela, eta Gazako haurrak elikagai eta ur faltagatik hiltzen ari direla. "Ulertezina eta erabat saihesgarria da. Ezerk ezin du justifikatu herri palestinarraren zigor kolektiboa", adierazi du Guterresek.

NBEko buruzagiak berriro eskatu du su-etena deitzea, baita Hamasen esku dauden bahituak askatzea, biztanleria zibila babestea, desinformazioari eta narratiba faltsuei bide ez emateko kazetariak Gazan askatasunez sartu ahal izatea, eta aktibista humanitarioen lana errespetatzea.

World Central Kitchen (WCK) gobernuz kanpoko erakundearen zazpi langile hil ostean Israelek akats bat izan dela onartu duela eta, Guterresek argi esan du: "Arazoa ez da nork egin zituen akatsak, indarrean dagoen prozedura militarra da akats horiek behin eta berriz errepikatzea ahalbidetzen duena". "Akats horiek konpontzeko, ikerketa independenteak eta aldaketa esanguratsuak behar dira", erantsi du.

Guterresek, gainera, kezka larria agertu du Israelgo Armada gerra helburuak identifikatzeko adimen artifiziala (IA) erabiltzen ari delakoan. "Familia osoen bizitza eta heriotza hautatzeko erabakien zati bat ezin da algoritmoen kalkulu hotzaren esku utzi", ohartarazi du NBEko idazkari nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Joe Biden azken albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa