Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Sobietarrak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Tentsio giroa nabarmena da mugetan, ez da leherketarik izango, baina badirudi Gerra Hotza deitutakoari beste bide batzuetatik ekin diotela bi aldeek.

Aste honetan 30 urte bete dira Errusia, Bielorrusia eta Ukrainako presidenteek Sobiet Batasunaren amaiera egiaztatu zuen akta izenpetu zutela. Errusiako gaur egungo presidenteak behin baino gehiagotan adierazi du sinaketa hura eta izan zituen ondorioak XX. mendeak ezagutu duen tragedia geopolitiko handiena izan dela.

Bielorrusian gauzatutako akordioaren ondoren, eta inork uste baino askoz azkarrago, ordura arte sobietarren eraginpean izandako herrialde gehienak Europar Batasunean eta NATO erakundean sartu ziren. Hori gertatu zen garaian, Sobiet Batasunaren oinordekoa izan den Errusiaren ahuldadea nabarmena zen, "Europako gaixoa" ere deitu zioten, urte gutxiko epean munduko potentzia izatetik irauteko ere laguntza beharrean aurkitu zelako. XXI. mendean, aldiz, Putin presidenteak helburu bakarra izan du: Errusiak Sobiet Batasunak munduan izan zuen lekua berreskuratzea, berriro indarra eta eragina izatea eta erakustea.

Errusiarrek oso gaizki hartu zuten bere eragin eremuan zeuden herrialdeen jokaera. Mendebaldeari leporatu diote NATO erakunde militarraren mehatxua bere mugetaraino eraman izana eta esparru hori ez errespetatu izana. Eta hor koka genezake azken hilabetetan Ukrainan eta Bielorrusian sortutako krisiaren jatorria. Moskuk onartu du hainbat herrialde europarrek hartutako erabakiek ez dutela atzera bueltarik, garai batean komunista izandakoak ez direla bere magalera itzuliko, baina garbi utzi nahi du Ukraina eta Bielorrusia beste kontu bat direla.

Sobiet Batasuna zatitu ondoren Ukrainan Errusiaren aldeko gobernuak izan zituzten, 2013an Maidango erreboltak Viktor Ianukovitxen gobernua bota eta Europar Batasunaren aldekoak agintean jarri zituzten arte. Errusiak Mendebaldeari leporatu zion zuzenean istilu hauek antolatu izana eta erantzuna agindu zuen. 2014an Krimeako penintsula kendu zion Ukrainari eta urte horretan bertan hasi zen Ukrainako ekialdean Donbass izeneko lurraldearen altxamendua, Errusiaren aldekoek bultzatutakoa. Bielorrusian udan sortu ziren lehen gorabeherak, Lukaxenka presidenteak seigarren aldiz hauteskundeak irabazi ondoren. Europar Batasunak iruzurra eta oposizioaren kontrako errepresio onartezina leporatu zizkion. Orduan Lituaniako muga ireki zien etorkinei; orain, berriz, Poloniakoa, Bruselari erakusteko ez duela presiorik onartuko.

Mendebaldetik, Errusiari eta Bielorrusiari leporatu zaie giza eskubideak eta demokraziaren oinarrizko arauak ez betetzea. Errusiari, aldiz, Ukrainaren burujabetza ez errespetatzea. Beraiek diote inork ez diela leziorik eta aholkurik eman behar, eta mehatxua ez dela beraiena, Mendebaldearena baizik, euren eragin esparrua ez duelako errespetatzen. Tentsio giroa nabarmena da mugetan, ez da leherketarik izango, baina badirudi Gerra Hotza deitutakoari beste bide batzuetatik ekin diotela bi aldeek.