Politika -

Herriraren aurkako operazioa

Uko egin diote deklaratzeari atxilotutako 18 pertsonek

Bihar bidaliko dituzte Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Bart hasi da Polizia galdeketa egiten.

Guardia Zibilen galderei erantzuteari uko egin diote 18 atxilotuek

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uko egin diote deklaratzeari Herriraren aurkako operazioan Guardia Zibilak atxilotutako 18 pertsonek. Bart hasi du itaunketa Poliziak, Tres Cantosko (Madril) kuartelean. Halaber, bihar, osteguna, bidaliko dituzte Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.

Atxilotze epea ostegun goizean amaituko da, eta, orduan, Auzitegi Nazionalera eramango dituzte, Eloy Velasco epailearenera.

Aiert Larrarte abokatuak Radio Euskadiko Ganbara saioan zehaztu duenez, 18 atxilotuak "ondo" daude, eta ez dute "legez kanpoko galdeketarik ezta mehatxurik ere" jaso. Gainera, ETAren edo ezker abertzalearen aurkako polizia operazio gehienetan ez bezala, komunikatuta daude.

Hain zuzen ere, ETAko kide izatea, terrorismoa goratzea eta talde armatua finantzatzea egotzi diete.

Hauek dira atxilotutakoak: Amaia Esnal, Nagore Garcia, Eneko Ibarguren, Jexux Mari Aldunberri, Ekain Zubizarreta, Manu Ugartemendia, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Fran Balda.

Atxiloketa gehienak, hamar, Herrirak Hernanin duen egoitzan egin zituzten. Guardia Zibilak lokal hori eta beste hainbat miatu zituen, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Jende ugari egoitzetara bertaratu zen, atxiloketen aurka protesta egiteko. Halaber, Laura Mintegi, Julen Arzuaga eta EH Bilduko beste hainbat legebiltzarkide Gasteizko egoitzara joan ziren, agenteei informazioa eskatzeko.

Bilbon, guardia zibilak okertu egin ziren, eta Eusko Alkartasunaren (EA) egoitzan sartu ziren lehenik eta behin, atea mailuka hautsiz. Pello Urizar buru duen alderdia auzitara jotzea aztertzen ari da.

Atxiloketen egunean bertan, hainbat elkarretaratze egin zituzten arratsaldean. Horietako batean, Hernanin egindakoan, hain justu, Ertzaintza oldartu egin zen, eta Amalur Mendizabal Amaiurreko senatariak borra-kolpe bat eta bultzadak jaso zituen. Horren ondorioz, puntuak eman behar izan zizkioten, buruan.

Senatari abertzaleak salaketa jarri du Polizia autonomikoaren aurka, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketa bat abiatu du, gertatutakoa argitzeko. Estefania Beltran de Heredia sailburuak, gainera, agerraldia egingo du Legebiltzarrean, azalpenak emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea