Politika -

Senatua

'LOMCE atzerakada da; Euskadin dagoeneko lortu ditugun helburuak dira'

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak kritikatu duenez, ezinezkoa da erreformaren kostuak norbere gain jartzea. Wert ministroak, bestalde, LOMCEren egutegia berriz aztertzea onartu du.

Cristina Uriarte: 'Wert legeak euskal eskumenak urratzen ditu'

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren hitzetan, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE) atzerakada litzateke Euskadirentzat, EAEko hezkuntza sistemak dagoeneko lortu dituen helburuak ezartzen baititu.

Hala, Uriartek gogoratu duenez, 2020rako eskola uzten dutenen zenbatekoa % 15 baino gutxiago izatea bilatzen du PPren hezkuntza erreformak; Euskadin, baina, batez besteko hori dagoeneko % 11,5ekoa dela azpimarratu du sailburuak.

Erkidego Autonomoen Batzorde Nagusiaren bilera egin dute astearte honetan Senatuan, eta 'Wert legea' eztabaidatu dute bertan. Batzorde horren helburua lege proiektu batek (LOMCE legeak, kasu honetan) eskumenak urratzen dituen aztertzea da.

Uriarteren hitzetan, ''erabat agerikoa den asmo politikoa'' du LOMCE legeak. Halaber, izaera zentralizatzailea duela, berau indarrean jartzeko egutegia nahikoa ez dela eta kostuak onartezinak direla kritikatu du sailburuak.

Egutegia berriz aztertzea onartu du Wertek

Bilera horretan, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak onartu egin du hezkuntza erreforma abian jartzeko egutegiaren nondik norakoak berriz aztertzea. Izan ere, erkidegoetako ordezkariek mahai gainean jarri dutenez, ezinezkoa da (hori indarrean jartzeko denbora eta kostuari erreparatuta) datorren ikasturtetik bi urtera erreforma abiatzea. Izan ere, erreforma bi ikasturtetan (hiru urte natural) martxan jartzea jasotzen du testuak, eta 23, 130 eta 255 milioi euroko kostua aurreikusten du horretarako.

Erreforma ezartzeko egutegiari dagokionez, "mailakatzea planteatu dezakegu'', esan du Wert ministroak.

LOMCEren aurrean, jarrera ezberdinak

EAEko, Kataluniako, Andaluziako, Asturiasko eta Kanarietako hezkuntza arduradunak batera agertu dira Senatuan, eta argazkia atera dute, Wert ministroaren hezkuntza legearen kontra daudela erakusteko.

PP buru duten erkidegoetako ordezkariek ere argazkia atera nahi izan dute elkarrekin, baina LOMCEren alde daudela agertzeko. Edonola ere, erkidego batzuetako ordezkariek, Murtzia eta Aragoikoak esaterako, erreformaren ''finantzaketa bermatuta egotea'' eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea