Politika -

Konferentzia Politikoa

Rubalcaba: 'Primario irekiak izatea eskuzabaltasun keinu bat da'

PSOEko idazkari nagusiaren hitzaldiarekin amaitu da Konferentzia Politikoa. Eztabaidaren ondoren, erabaki dute hurrengo Batzorde Federalak finkatuko duela hauteskunde primarioetako egutegia.

Alfredo Perez Rubalcaba. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak adierazi duenez, sozialistek eskuzabaltasun keinu nabarmen bat egin dute datorren hauteskunde primarioak herritar guztiei irekita. Izan ere, PSOEko militante ez diren pertsonek hautagai sozialista aukeratu ahal izango dute.

Rubalcabaren hitzaldiarekin amaitu da PSOEren Konferentzia Politikoa Madrilen. Hauteskunde primarioak herritarrei irekita sozialistek horien esku utziko dute erabakia, lehen alderdiak berak hartzen zuena, hain zuzen ere.

"Keinu horrek erakusten du alderdia gure printzipioak partekatzen dituzten herritar guztiena dela sinesten dugula, eta ez militanteena soilik. Alderdia printzipio horiek garatzeko tresna bat da", gaineratu du.

Buruzagi sozialistaren esanetan, logikoa da herritarrei hauteskundeetan botoa eskatu behar bazaie, aurrez PSOEko hautagaia aukeratzeko modua izatea.

Hauteskunde primarioak "ongi eta gardentasunez" egingo direla nabarmendu du, eta Espainiako politikaren historian mugarri izango dela gaineratu du.

Azkenean Rubalcabak bere helburua lortu du, eta Konferentzia Politikoak ez du hauteskunde primarioen data zehaztu. PSOEko Batzorde Federalak ezarriko du egutegia; izan ere, Konferentzia Politikoak atzera bota zituen atzo egutegia konferentzian zehaztea eskatzen zuten ebazpenak.

"PSOE itzuli da"

Rubalcabaren iritziz, PSOE indartuta atera da asteburuan Madrilen egin den Konferentzia Politikotik: "PSOE itzuli da". Horrela hasi du itxiera ekitaldiko bere hitzaldia Rubalcabak. Gaineratu duenez, PSOE indartuta, batuta eta ideia garbiekin atera da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea