Politika -

EITB

PSEk konfiantza erretiratu dio Maite Iturberi

PSE-EEk konfiantza erretiratu dio Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari, duela urtebete hautagaitza babesteko jarritako irizpideak "ez errespetatzea" egotzita.

PSEk ez du Maite Iturberengan konfidantzarik

I.G. / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk konfiantza erretiratu dio Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari, duela urtebete hautagaitza babesteko jarritako irizpideak "ez errespetatzea" egotzita.

Hemendik aurrera "oposiziotik" lan egingo dutela nabarmendu du Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak, "zuzendaritzak eta Maite Iturbek" sozialistekiko konfiantza "apurtu dutela" ikusita. "EH Bilduren babesa nahikoa da eurentzat", gaineratu du. Hala ere, nahiz eta EiTBrengandik "erabat urrunduta" egon, ez dute Maite Iturberen dimisioa eskatuko. Mikel Unzalu eta Idoia Mendia sozialistek agerraldia egin dute Bilbon, Maite Iturbe izendatu zutenetik urtebetera. Iaz Iturberi "konfiantza botoa" eman ziotela gogoratu du Unzaluk, baina EiTBren zuzendaritzak ez duela adostutakoa bete gaineratu du. "EiTBk eskuetatik ihes egin dio Maite Iturberi", esan dute sozialistek.

PSE-EE ez dator bat EiTBren ildo editorialarekin, eta albistegietan eta eztabaida-saioetan presoak eta aberria nagusitzen direla salatu du.

Horrez gain, sozialistek salatu dute lerro editorial horrekin EiTBk ez duela bere audientzia datuak hobetzea lortu. EiTB ezin dela "gertatzen ari dena kontatzen duen" eragile soil bat izan adierazi du Unzaluk, "giza eskubideen eta terrorismoaren biktimen defentsan lan egiten duen eragile aktibo bat baizik". Izan ere, "bizikidetza, tolerantzia eta aniztasuna" zabaldu eta defendatzeko eman zioten sozialistek Iturberi euren babesa, Idoia Mendiak esan duenez. "Urtebete geroago, argi dago hartutako konpromisoak ez dituela bete, EiTBk ez duelako herri honen aniztasuna islatzen", gaineratu du.

Bestalde, Zuzendaritzak euskara normalizatzeko duen plana ere kritikatu du PSE-EEk. Mendiaren ustez, Iturbek iragarritako enplegu eskaintza publikoak ez du "lege oinarri argirik". Euskara kontratazio berriei soilik eskatu behar zaielakoan dago Mendia, eta ez dagoeneko EiTBn lan egiten dutenei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea