Politika -

Iruñea

Udaltzainek Angel Berruetaren omenezko plaka kendu dute

Atzo egin zioten omenaldia Espainiako polizia nazional batek hildako okinari, haren heriotzaren 10. urteurrenean, eta orduan jarri zuten plaka.

Udaltzainek Berruetaren omenezko plaka kendu dute

0:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Berruetaren omenez atzo Iruñean jarri zuten plaka kendu dute gaur goizaldean udaltzainek. Izan ere, Iruñeko Udalak atzera bota zuen, UPNren, PPNren eta PSNren botoekin, Berruetaren omenez plaka bat jartzeko proposamena.

Espainiako polizia batek eta haren semeak duela hamar urte hildako okinari omenaldia egin zioten atzo Iruñeko Donibane auzoan, eta orduan jarri zuten plaka, "Angel Berrueta Legaz, gogoan" zioena.

Bertaratu ziren ehunka pertsonek "egia, errekonozimendua eta konponketa" eskatu zuten ekitaldian, hilketaren hamargarren urteurrenean.

Bestalde, senideek kritikatu zutenez, epaiketan hilketaren motibazio politikoa onartu bazen ere, erakundeek ez diote horrelakorik aitortu Berruetaren familiari.

EH Bildu: "Berruetaren plaka instituzioen babes faltagatik desagertu da"

EH Bilduk Angel Berruetari omenean jarritako plaka hamabi ordu baino gutxiagoan desagertu izana salatu du, eta hori kasu honen inguruan "instituzioen babes faltagatik" dela azaldu du.

Lehengo astean, Angel Gogoan plataformak mozio bat aurkeztu zuen Iruñeko udalbatzarrean, hilketa horren motibazio politikoa aitortzea eta plaka bat jartzea eskatuz, baina ez zen onartu, PSNren abstentzioarekin, eta UPNren eta PPren aurkako botoekin.

EH Bilduk gai honekin "UPNk erakutsitako krudelkeria" salatu du, eta "biktima batzuekin eta besteekin duen aurpegi bikoitza" kritikatu du, "eragindako biolentziaren jatorriaren arabera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea