Politika -

Udaletxean

Ibon Areso Bilboko alkate izendatu dute

EAJko zinegotzien botoekin hautatu dute. PPk, Bilduk eta PSE-EEk boto zuria eman dute.

Ibon Areso Bilboko alkatea, makila eskuan. EiTB
Ibon Areso Bilboko alkatea, makila eskuan. EiTB
Ibon Areso, Bilboko alkate izendatu dute

1:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Areso, Bilboko Udaleko zinegotzi beteranoena (23 urte eman ditu karguan), Bizkaiko hiriburuko alkate izendatu dute gaur, ofizialki, Iñaki Azkuna zenaren heriotzaren ostean.

EAJren botoekin hautatu dute, jeltzaleek gehiengo osoa dutelako. PPk, Bilduk eta PSE-EEk boto zuria eman dute.

Alkate berria 2015. urteko maiatza arte izango da karguan. Orduan, udal hauteskundeak egingo dituzte, eta EAJk beste hautagai bat aurkeztuko du.

Karguaren zina egiteko hitzaldian, Aresok bi sentimendu dituela adierazi du: "ohorea eta harrotasuna" alde batetik, alkate izateagatik, eta "mina" bestetik, Azkunaren heriotzaren ondorioz izan baita.

Alkate berriaren esanetan, orain "Iñaki Azkunaren lekukoa" hartuko du, "agintaldia aurreikusita zegoen moduan bukatzeko".

Horren hitzetan, Azkunak "bikain" egin zuen Bilboko eraldaketa gauzatzen, "arima eta kultura" eman zizkiolako, eta hiria "erreferente" bihurtu zuen mundu osoan.

Alkatearen izendapena baino lehen, Eider Jauregik (EAJ) zinegotzi akta jaso du, Azkunaren ordez.

Aldaketak gobernuan

Orain, Aresok aldaketak egingo ditu udal gobernuan. Horren ildotik, Ibone Bengoetxeak pisu politiko handiagoa izango du, eta bigarren alkateorde izatetik, lehen alkateorde eta bozeramaile izatera pasatuko da.

Gainera, Hirigintza eta Etxebizitza Saila Eduardo Maiz zinegotziak hartuko du, eta horren esku zegoen Gizarte Ekintza Saila Juan Felix Madariagak zuzenduko du.

Gobernuaren lehentasunak

"ETB Hoy" saioan egindako elkarrizketa batean, Aresok esan du Azkunak "bidea seinalatuta" utzi duela, eta lehentasuna "enplegua" izango dela.

"Lehentasuna Bilboko herritarrek bizi kalitatea izatea da, zerbitzu onak eta errenta eta enplegu maila onak izatea", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea