Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Gipuzkoak 'Gure Esku Dago'ri eman dion laguntza salatu du Urquijok

Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez, "sezesioaren sustapena ez dago Aldundiaren eskumenen artean, eta leialtasun instituzionalaren kontrakoa da".

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EiTB
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak helegitea jarri du Gipuzkoako Aldundiak 'Gure Esku Dago' ekimenari eman dion 100.000 euroko diru-laguntzaren kontra, "sezesioaren sustapena" ez dagoelako "Aldundiaren eskumenen artean, eta leialtasun instituzionalaren kontrakoa" delako.

"Independentzia aldarrikatu nahi duenak egin dezake, baina ez denon artean ordaindutako erakunde publikoen bitartez eta legeak ematen ez dion arduretarako", gaineratu du Urquijok.

Carlos Urquijok azaldu duenez, "erabakitzeko eskubidea eufemismoaren atzean independentziaren aldarrikapena dago, eta argi dago Espainiaren zati batek, Euskadik, ez duela guztiaren gaineko 'erabakitzeko eskubide'rik, eta are gutxiago denon diruarekin".

Olano: "Urquijo gezurretan ari da"

Gobernuko ordezkaria 'Gure Esku Dago' ekimenaren inguruan "gezurretan" ari dela ziurtatu du Markel Olano EAJko batzarkideak. Aldundiko diru-laguntzaren aurka aurkeztutako helegiteak "erakunde demokratiko baten erabakia urratzen" duela adierazi du Olanok.

'Gure Esku Dago' ekimena "burujabetzarekin" eta "sezesioarekin" lotzean Carlos Urquijo "gezurretan" ari dela salatu du Olanok agiri batean. Ekimenak "euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen" duela erantsi du. Gainera, "demokraziaren aurkako jarrera uzteko" eskatu dio Gobernuaren ordezkariari.

Bestalde, Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak ez du baloraziorik egin; izan ere, Gipuzkoako Aldundiak ez du helegitearen "berri".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku giza katea