Politika -

Azken ekitaldia

Errege Jauregian agurtu ditu Juan Carlos I.ak Armadako indarrak

Astelehenean iragarri zuen abdikazioaren ostean, gaur azkenengoz izan da armadaren buru gorena

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Jauregian egindako harreran esan die agur Juan Carlos erregeak militarrei, Armadaren buru goren gisa jokatu duen azken ekitaldian. Erregina eta Asturiasko printze-printzesak izan ditu alboan, gaur Madrilen ospatu den Indar Armatuen Egunean.

Abdikazioaren lege organikoa hamar egun barru sinatuko du Juan Carlosek. Bitartean, lasai agertu da gaur, eta harreran izan diren 180 gonbidatuak jaso ditu, Sofia erreginarekin eta printze-printzesekin batera.

Urte asko igaro dira azken aldiz Indar Armatuen egunez Errege Jauregian harrera egin zenetik. Iaz ere Madrilen egin zituzten ekitaldi nagusiak, baina modu laburragoan.

Harrerako lehen gonbidatuak Defentsa eta Barne ministroak izan dira, Pedro Morenes eta Jorge Fernandez Diaz, hain zuzen. Horien ostean iritsi dira Defentsa Ministerioko eta goreneko mailako militar kargudunak, Defentsa Estatu Nagusiko buru Fernando Garcia Sanchez almirante jenerala aurrean zutela.

Errege Jauregian izan dira, era berean, Lurreko eta Aireko armadetako Estatu Nagusien buruak, Jaime Dominguez Buj eta Francisco Javier Garcia Arnaiz. Jaime Muñoz Delgado Armadako buruak ezin izan du bertan izan, osasun arazoak tarteko.

Madrilgo instituzioen aldetik, Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidentea, Jose Ignacio Echeverria Madrilgo Asanbleako presidentea, Ana Botella alkatea eta Cristina Cifuentes Gobernuko ordezkaria ere bildu dira harrerara.

Errege Etxearen historiara igaroko den asteari eman dio amaiera harrera ekitaldiak. Astelehen goizean iragarri zuen Mariano Rajoy presidenteak Juan Carlos I.ak geroago azaldu zuen abdikazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea