Politika -

Bake prozesua

ETAk birmoldatzeari ekin dio, 'konfrontazio demokratikorako'

ETAk borroka armatuko egitura operatibo eta logistikoak deuseztatu dituela iragarri du. Halaber, egitura politikoa indartu egin duela azpimarratu du.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
ETAk egitura operatibo eta logistikoak desegin dituela iragarri du

0:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk borroka armatuko egitura logistiko eta operatiboak desegin dituela iragarri du 'Gara' egunkarira igorritako komunikatu batean. Helburua konfrotazio armatuaren ziklotik konfrontazio demokratikorako trantsizioa egitea dela adierazi du.

Naiz atariak ETAk 'Gara' egunkarira igorri duen komunikatuaren aurrerapen bat kaleratu zuten atzo, eta gaurko paperezko alean oharra osorik argitaratu dute. Ohar horretan bere egituren birmoldaketari ekin diola adierazi du ETAk, zehazki, "borroka armatutik eratorritako egitura logistiko eta operatiboak" desegin dituela.

Komunikatuak uztailaren 15eko data dauka, eta horren arabera birmoldaketa horren "lehen zutabea" iragan martxoan iragarritako armategien zigilatze egiaztatuarekin lotuta dago.

"Bigarren zutabea", berriz, bere egituren egokitzapena da. Komunikatuan irakur daitekeenez, ETA egitura tekniko-logistikoa eratzen ari da armategiak behin betiko zigilatzeko.

ETAk eginkizun politikoetarako egitura indartuko du, baita "bake prozesuak aurrera egin dezan alde ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatzea helburu duten lanak" ere. Harturiko erabaki horiek gatazkaren konponbidea helburu duen bidearen hasiera direla adierazi du, horien artean, desarmea eta preso eta iheslarien etxeratzea.

Bestalde, konfrontazio armatua behin betiko gainditutzat emango litzatekeela eta gatazka politikoaren konponbidea eragile politiko eta sozialen esku geldituko litzatekeela azpimarratu du.

ETAren iritziz, ezker abertzaleari dagokio "lidergoa bere gain hartzea eta fase honetan askapen prozesua gidatzea". Bere ikuspuntua ematean edo ekarpena egitean inoren lanak hartu gabe edo inor ordezkatu gabe egingo duela gehitu du.

Ekarpena,  "inor ordezkatu gabe"

Egiaztatzaileek otsailean abiatutako prozesuaren aurrean estatuek eta hainbat indar politikok duten jarrera salatu du ETAk agirian. "Estatuen eta hainbat indar politikoren erresistentziak bidea zailtzen ari badira ere, ahaleginari eutsi behar zaio, konponbidearen aldeko indarren artean elkarlana sendotuz, indar berriak atxikiz eta estrategiak egokituz zailtasunak gainditzeko", esan du.

Aldaketa prozesua abian dela, eta agertoki berri horretara egokitzeko erabakia hartua duela ziurtatu du. Taldearen iritzian, "tamalez,  honetan ere erresistentziak nonahi ageri dira, alde guztien arteko elkarrizketak eta akordioak ezinezko bilakatzeraino". Dena dela, "akordio horien zain egon gabe", "orain arte hartutako erabakiekin koherentea den eta askapen prozesuaren egungo fase historikoari erantzuten dion barne eraldaketa hasi du ETAk".

Aro berrian ETAk bere "ekarpena" egingo du,  "inor ordezkatu gabe eta berari ez dagozkion zereginak bereganatu gabe". Ildo honetan,  erakundeak uste du fase politiko honetan "ezker abertzaleko gainerako antolakundeak eta herri mugimendua direla egun askapen prozesuak dituen erronkak aurrera ateratzeko subjekturik eraginkorrenak. Beraiek dute arazo zehatzen aurrean erantzuteko eta proposamenak aurkezteko ardura eta gaitasuna ere. Ezker abertzaleko antolakundeei eta beren militante guztiei dagokie, beraz, aitzindaritza beren gain hartu eta askapen prozesua fase honetan gidatzeko ardura".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea