Politika -

EH Bildu

Laura Mintegik legebiltzarkide kargua utziko du irailean

EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, "arrazoi pertsonalak" tarteko utziko du kargua. 'Gara' eta 'Berria' egunkarietara bidalitako agur eskutitzean garai bati amaiera emateko unea heldu dela dio.

Laura Mintegi. Artxiboko irudia: EiTB
Laura Mintegi. Artxiboko irudia: EiTB
Laura Mintegik politika utziko du

1:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak legebiltzarkide kargua utziko du irailetik aurrera "arrazoi pertsonalak" tarteko, EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez.

Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia izan zen 2012ko hauteskundeetan, eta orain arte EH Bilduren bozeramailea izan da Eusko Legebiltzarrean. Gasteizko ganberan abuztuan egin ohi den etenaren ondoren, bere kargu instituzionala betetzeari utziko dio.

Laura Mintegik Gara eta Berria egunkarietara artikulu bat bidali du bere erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Horren esanetan, "garai bati amaiera emateko unea heldu da eta beste bati hasiera ematekoa". EH Bilduren baitan "ilusio handiz" lan egin duela adierazi ostean, politika ilusio berberaz bizitzen jarraituko duela nabarmendu du, baina oraingoan unibertsitatetik eta kulturgintzatik.

Karguan egin dituen bi urteak "oso aberasgarriak" izan direla azpimarratu du, eta herritarrei adierazitako hurbiltasuna eta maitasuna eskertu nahi izan die: "Ez da egunik pasatu norbait hurbildu ez zaidanik, beti aupada emateko, aholkua edo iradokizuna eskaintzeko". Bestalde, etapa bat amaitu dela, baina oraindik Tourra ez dela bukatu azaldu du. "Jendeari bizimodu hobea emateko egiten dugu lan, jendarte justuago batean, non euskalduna izatea ez den zigortuko, emakume jaiotzeagatik inork ez dizun bizimodua mugatuko eta beste lurralde batetik etortzea ez den marjinazioaren sinonimo izango", gaineratu du. Euskal herritarrek inguruan dituzten auzokoekin nolako harremana izan nahi duten erabaki behar dutela uste du. "Tourra amaitu orduko tourmalet eta pic du midi batzuk gainditu behar ditugu oraindio, elkarlanean, indarrak bilduz. Prest nauzue nire garautxoa eskaintzeko, erizain, dendari edo irakasle gisa, gainontzekoekin batera. Beraz, adiorik ez eta bidean ikusi arte", amaitu du.

EH Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkio Laura Mintegiri hainbatetan erakutsi duen konpromiso, ardura, profesionaltasun eta ekarpen militanteagatik, "asko izan baita Laura Mintegik eman diguna". "Bi urte hauetan, hainbat bilkura, hitzaldi, mitin, jardunaldi, komunikabide eta abarretan defendatu izan du Laurak EH Bilduren posizio politikoa, eta aurrerantzean ere hala izango da, betiere berak hautatutako bidetik", adierazi du koalizioak ohar batean.

Aurrerantzean ere Laura Mintegik beraiekin jarraituko duela azaldu du EH Bilduk, hori bai, "bere unibertsitate, euskalgintza eta kulturgintza eremutik Euskal Herriaren nazio eraikuntzari bere ekarpen oparoa eginez".

Amaitzeko, EH Bilduk bere esker ona eta zorterik onena opa dio Mintegiri hasi berri duen ibilbidean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Nafarroa