Politika -

Herriko tabernen auzia

3 urte arteko zigorra ezarri diete 20 laguni 'Herriko tabernen' auzian

Auzitegi Nazionalak 20 pertsona zigortu ditu, tartean Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Cruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Karmelo Landa. Bestalde, 14 pertsona absolbitu ditu.

Rufi Etxeberria Herriko tabernen auziko epaiketaren une batean. Foto de archivo: EiTB
Rufi Etxeberria Herriko tabernen auziko epaiketaren une batean. Foto de archivo: EiTB
20 pertsona zigortu ditu epaileak, herriko tabernen auzia dela eta

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak Batasunako hogei kide zigortu ditu, herriko tabernen bidez ETA finantzatu zutela egotzita. Halaber, hogei pertsona horiei talde terroristako kide izatea edo talde terroristarekin kolaboratzea leporatzen diete. Zigortuei urte eta hiru hilabete eta hiru urte bitarteko kartzelaldia ezarri diete.

Hiru urteko kartzela zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak (zigor gorena) Joseba Permach, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Karmelo Landari, ETAko kide izatea egotzita.

Bestalde, delitu bera egotzita, urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die Jon Gorrotxategiri, Floren Aoizi eta Antton Morcillori. Halaber, urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri die beste hamabi laguni ETArekin kolaboratzea egotzita.

Halaber, Herriko Tabernen auziko epaileak 14 pertsona absolbitu egin ditu.

Baltasar Garzon epaileak ikerketa hasi eta 12 urtera iritsi da Herriko Tabernen auziko epaia. Herriko Epaileetako batek, Clara Bavarrik, boto partikularra eman du auzipetu guztiak absolbitu behar zirela iritzita. Dena den, gainerako epaileekin ados etorri da 111 "herriko taberna" dekomisatzeko erabakian. Hala, horiek Estatuaren esku geldituko dira.

Angel Hurtado, Julio de Diego eta Clara Bavarrik osatutako epaimahaiak frogatutzat jo du herriko tabernak Herri Batasunaren jabetzakoak zirela, eta alderdiak "ETA finantzatzeko finantzazio iturri" gisa erabili zituela, eta horregatik horien konfiskazioa eskatu du. "Herri Batasunak herriko tabernak kudeatzen bazituen, eta Herri Batasuna eta ETA gauza bera zirela denontzat gauza jakina bazen eta guztiok onartzen bagenuen, herriko tabernen titular gisara zeuden pertsona horiek ezin zuten kontuan ez hartu bertatik ateratako baliabideak, alderditik pasatu ostean, talde armatuaren esku jartzen zirela", sententziaren arabera. Hala, akusatuak "ekintza terroristaren finantzazioan laguntzen ari ziren".

Epaia

Ahozko epaiketan Fiskaltzak zigor eskaera 12 urtetik 4 urte eta erdira jaitsi zuen zigor handiena ezarri zaien bost pertsonentzat eta bi urte eta bi hilabetekoa gainerakoentzat.

Epaiak 576 orrialde ditu guztira, eta bertan Fiskaltzak zigorrak jaisteko egindako eskaera onartu du epaimahaik, prozedimenduan "luzamendu bidegabeak" egon zirelakoan.

Zehatz-mehatz esanda, ETArekin kolaboratzea leporatu diete Vicente Enekotegi, Jose Luis Franco, Enrike Alaña, Maite Amezaga, Juan Ignacio Lizaso, Jon Martinez, Patxi Jagoba Bengoa, Idoia Arbelaitz, Jaione Intxaurraga, Agustin Rodríguez, Izaskun Barbarias eta Ruben Granadosi. Bestalde, absolbitu egin ditu Maria Isabel Mandiola, Santiago Hernando, Adolfo Arraiz, Mikel Arregi, Juan Carlos Rodriguez, Kepa Gordejuela, Esther Agirre, Miren Jasone Manterola, Xanti Kiroga, Juan Pedro Plaza, Segundo Lopez de Aberasturi, Sabino del Bado, Pedro Felix San Sebastian eta Andres Larrea.

Clara Bayarri magistratuak uste du Batasuna ez dela ETA

Clara Bavarri "Herriko tabernen" auziko magistratuak boto partikularra eman du auzipetu guztiak absolbitu behar zirela iritzita. Horren iritziz, ez dago nahikoa froga akusatuen errugabetasun-printzipioa deusezteko, eta gehienek Herri Batasunaz eta horren ondorengoez egiten duten "kriminalizazioa" gaitzetsi du,

Epaileak azpimarratu duenez, ETA ezker abertzalea kontrolatzen saiatzeak "ez du esan nahi", batez ere 1990etik aurrera, "lortzen zuenik eta fagozitazio prozesu hori onartua izan zenik Herri Batasunaren eta haren ondorengo alderdien aldetik".

"Ez Herri Batasuna, ez Euskal Herritarrok, ez Batasuna ez dituzte talde terroristatzat jo, nahiz eta Auzitegi Gorenaren epaiak legez kanpoko izendatu dituen alderdi horiek. Ez ahaztu baina, administratiboki utzi zituela legez kanpo", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi politikoak berriak