Politika -

Salaketa

Herriraren aurkako operazioan atxilotuek Barne Ministerioa salatu dute

'Euren ohorea urratzea' eta  'kalte moralak eragitea' egotzi diote Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari, atxilotu osteko orduetan egin zituen adierazpenengatik.

Herriraren kontrako operazioa, iazko irailean
Herriraren kontrako operazioa, iazko irailean
Herriraren kontrako operazioa, iazko irailean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete Herrira euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunek auzitara eramango dute Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa, epaiketa egin aurretik "euren ohorea urratzea" eta  "kalte moralak eragitea" leporatuta, GARA egunkariak gaur kaleratu duenez. Salaketaren arabera, atxiloketak izan eta ordu gutxitara Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak hedabideen aurrean esan zuen Herrira "ETAren adar bat" zela, eta atzemandako 18 lagunak talde armatuko "kide eta buruzagiak" zirela. Operazioan atzemandako lagunek, artean, ez zuten ez Poliziaren aurrean ezta epailearen aurrean ere deklaratu.

100.000 euroko kalte-ordaina eskatu diote Ministerioari atxilotutako bakoitzarentzat , eta beste 100.000 eurokoa, Herrira mugimenduarentzat. Barne Ministerioan jarri dute salaketa, eta, aurrera begira, ez dute baztertzen Europako auzitegietara jotzea.

Iazko irailaren 30ean, 10:00etan, abiatu zuen Guardia Zibilak Herriraren aurkako operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak aginduta. 18 lagun atxilotu zituzten, talde terroristako kide izatea egotzita. Handik hiru egunera denak libre utzi zituzten.

Gaur, Herrirako iturriek jakitera eman dutenez, Guardia Zibila Herrirak Hernanin duen egoitzan sartu da, berriro. Iazko miaketan utzitako material apurra eraman dute, kamiseta batzuk besteak beste.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea