Politika -

Laguntzak

Iraupen luzeko langabeei laguntza luzatzeko plana aurkeztuko du Rajoyk

Gaur eguerdian bilduko da Espainiako presidentea sindikatuetako eta patronaleko ordezkariekin: langabezia saria agortu duten langabeei diru-laguntzak luzatzeko plana aurkeztuko die.

Rajoyk sindikatuetako eta patronaleko ordezkariekinn martxoan egindako bilera. EFE
Rajoyk sindikatuetako eta patronaleko ordezkariekinn martxoan egindako bilera. EFE
Rajoyk sindikatuetako eta patronaleko ordezkariekinn martxoan egindako bilera. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak gizarte eragileei, sindikatuetako eta patronaleko ordezkariei, gaur aurkeztuko die, formalki, iraupen luzeko langabeei laguntza luzatzeko Gobernu Zentralak eskuartean duen proposamena. Langabezia saria agortu eta laguntzarik ez duten langabeei zuzendutako proposamena da.

Monkloa Jauregian da hitzordua, gaur eguerdian. Negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez, Gobernuak gaurko bileran aurrera atera nahi du proposamena, baina hainbat puntutan desadostasunak nabarmenak dira, eta sindikatuek zail ikusten dute gaur akordioa ixtea.

Besteak beste, laguntzaren zenbatekoan,  hartzaile kopuruan eta iraupenean ez dira ados jartzen bi aldeak.

Babesik gabeko langabeentzako diru-laguntza 426 eta 480 euro artekoa izatea eskatzen dute sindikatuek, familia-karga izan edo ez. Gobernuaren proposamenean, berriz, 400 eta 450 euro arteko laguntza jasotzen da.

Laguntza honen hartzaile kopuruari buruz ere ez dira ados jartzen bi aldeak: sindikatuen arabera, milioi erdi pertsona inguru leudeke laguntza jasotzeko egoeran. Rajoyren Gobernuak, berriz, 300.000 pertsona inguru ditu zenbatuta.

Diru-laguntza zenbat hilabetez jaso behar dutenaren inguruan ere iritzi ezberdinak dituzte: Lan Ministerioak urtebetez eman nahi du laguntza, baina UGTk eta CCOOk adierazi dute langabezia tasa % 20 baino gutxiago izan arte, gutxienez, 18 hilabetera luzatu behar dela laguntza.

Bestalde, baliteke, gaurko bileran langabeei laguntzeko beste neurri batzuk ezagutzera ematea Gobernuak: adibidez, iraupen luzeko langabeak lan-merkatura sartzeko neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Rajoy berriak Langabezia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Dirulaguntzak