Politika -

SEGI-ren kontrako epaiketa

Epaiketa 'politikoa' dela salatu dute auzipetuek

Angela Murillo epaileak eten egin die auzipetuei azken hitza esateko txanda. Epaiaren zain geratu da epaiketa.

Auzipetuetako bat, gaurko saioan. EiTB
Auzipetuetako bat, gaurko saioan. EiTB
28 gazteetako 12ri akusazioa erretiratu die Fiskaltzak

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segiko kide izatea egotzita 28 gazteren aurka Auzitegi Nazionalean abiatutako epaiketa bukatu egin da ostiral honetan, hiru hilabeteren ostean.

Gaurko saioan, auzipetuen azken adierazpenen txanda izan da, eta hitza hartu dute, baina Angela Murillo epaileak eten egin die.

Hain zuzen ere, epaiketa "politikoa" dela eta "torturatu eta sakabanatu" egin dituztela salatu dute auzipetuek. Une horretan, Murillo epaileak mikrofonoa itzaltzea agindu du.

Horren ostean, epaiketa epaiaren zain geratu da.

Azken egunetan, behin betiko ondorioen txandan, Ministerio Publikoak auzipetuen ia erdien kontrako akusazioa erretiratu du. Sei urteko kartzela-zigorra eskatzen zuten horientzat, talde terroristako kide izatea leporatuta.

Hauen kontrako akusazioa erretiratu du Fiskaltzak: Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jacint Ramirez, Xalbador Ramirez, Izaskun Goñi, Egoi Irisarri, Endika Perez Gomez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Ainara Ladron Urbieta eta Saioa Zubiaur.

Hain zuzen ere, akusazioei eusteko poliziaren aurrean egindako deklarazioak baino ez zituztelako hartu du erabakia Ministerio Publikoak.

Epaiketa irailaren 22an hasi zen, eta bost auzipetu ez ziren bertaratu. Horregatik, horiek bilatzea eta atxilotzea agindu zuen epaileak.

Egun horretan bertan atzeman zituzten, Azpeitian, eta Auzitegi Nazionalera eraman zituztenean, kartzelatu egin zituzten.

Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatea egotzita auzipetu zituzten 40 kide absolbitu zituen ekainean. Ebazpenaren arabera, 40 lagunok ez ziren Segiko kideak, Gazte Independentistak plataformakoak baizik, eta "Gazte Independentistak taldeak ez du loturarik ETArekin eta ez du kale-indarkeriarekin zerikusirik", bertan jaso zutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Epaiketak albisteak