Politika -

CAN auzia

Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren ondasunak ikertzea eskatu du ANk

Nafarroako presidente ohiaren eta Nafarroako Kutxaren buru izandakoaren diru-sarrerak aztertzeko eskatu du epaileak, Banca Cívica auzia zabaldu eta hilabetera.

Miguel Sanzen ondasunak ikertuko ditu Poliziak
Miguel Sanz
ANk Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren ondasunak ikertzea eskatu du

0:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Kutxaren presidentearen eta Enrique Goñi kutxako zuzendari nagusiaren ondasunak ikertzeko agindua eman dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Poliziari.

Diario de Navarra egunkariak gaurko alean jaso duenez, Banca Cívicaren sortze eta burtsaratze prozesuaren ikerketa berriz zabaltzeko erabaki eta hilabetera, autoa kaleratu du Eloy Velascok. Banca Cívica 2010. urtean sortu zuten Nafarroako Kutxak, Caja Canariasek, Caja de Burgosek eta Cajasolek, eta 2012an CaixaBankekin bat egin zuen.

Kontuz kontsumitzaileen elkarteak aurkeztutako kereila aintzat hartu du Velascok bere autoan. Hala, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren diru-sarrerak eta aktiboak ikertu eta horiekin txostena egiteko eskatu du.

Hain justu, Nafarroako Kutxan izandako irregulartasunak ikertzeko galdegin zuen Kontuzek bere idatzian, hala nola, aurrejubilazioak, kanpoko lagunen kontratazioa, 2002-2008 urteen artean zabaldu ziren bulego berriak eta higiezinen inbertsioak.

Banca Cívicaren auzia artxibatzea erabaki zuen bere garaian Eloy Velasco epaileak eta Nafarroako Kutxaren zatia Iruñeko epaile baten esku uztea. Azaroan, baina, auzia berriz zabaltzea deliberatu zuen Auzitegi Nazionalak, dokumentazioa falta zela argudiatuta.

Zehazki, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko aretoak ikerketarekin jarraitzeko agindua eman zion epaileari: "Txostena amaitzeko beharrezkoa den dokumentazio eta ikerketak eskatu beharko ditu, gertakariak berriro baloratu ahal izateko" irakur zitekeen azaroan argitaratutako autoan.

UPyDk izapide gehiago eskatuko ditu

Miguel Zarranz UPyDk Nafarroan duen koordinatzailea pozik agertu da Eloy Velasco epaileak Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren ondasunak ikertzeko hartutako erabakiaren harira, baina, era berean, bere alderdiak CAN auziari buruzko "izapide gehiago" eskatuko dituela iragarri du agiri baten bidez.

"Ezinbestekoa da argitzea Enrique Goñiren enpresek eta Caja Navarrak zenbaterainoko lotura izan zuten", adierazi du.

Zarranzen arabera, "Auzitegi Nazionalak ikerketa berriro zabaltzea erabaki bazuen eta orain Eloy Velasco epaileak Sanzen eta Goñiren ondasunak ikertuko baditu, UPyDk jarritako errekurtsoari esker izan da".

Amaitzeko, aipatu ikerketa oso  garrantzitsutzat jo du, "Caja Navarrak porrot egiteko arrazoien artean, egoera ekonomiko txarraz gain, ustezko operazio irregularrak eta legez kanpoko balizko aberasteak ere badaude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAN auzia Nafarroa gaur