Politika -

Ekitaldi politikoa Donostian

Mendiak sozialisten proposamena babestu du alderdi berrien aurrean

Buruzagi sozialistak lehendakaria kritikatu du, eta errealitatearen begirale hutsa izatea egotzi dio.

Ernesto Gasco, Pedro Sanchez eta Idoia Mendia. Argazkia: EiTB
Ernesto Gasco, Pedro Sanchez eta Idoia Mendia. Argazkia: EiTB
Ernesto Gasco, Pedro Sanchez eta Idoia Mendia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak sozialisten proposamena defendatu du alderdi berrien planteamenduen aurrean. Azaldu duenez, alderdi berriak "abilak dira telebistako eztabaidetan, baina porrot egiten dute herritarren arazoei aurre egiteko proposamenak aurkezterakoan".

Horrela mintzatu da Idoia Mendia, gaur, PSOEk Donostian egin duen batzar irekian. Euskadiko sozialisten buruaz gain, bertan izan dira Ernesto Gasco Donostiako PSE-EEren alkategaia eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia.

Mendiak Alderdi Sozialistaren garrantzia aldarrikatu du 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira; izan ere, haren iritziz, frogatuta gelditu da EAJk erakundeak bereak bailiran bezala gobernatzen duela, PPk eskubideak eta zerbitzu publikoak murrizten dituela eta Bildu politika baztertzailearen buru dela.

Horren aurrean, Mendiak azpimarratu du sozialistek "guztientzat" gobernatzen dutela eta herritarren arazoak konpontzeko "proposamen zehatzak" egiten dituztela.

Euskadiko sozialisten burua oso kritiko mintzatu da Urkullu lehendakariarekin, izan ere, haren iritziz, "egungo Eusko Jaurlaritza errealitatea Lakuako leihotik behatzera mugatzen da, herritarrek bere bizitza kalitatea nola txartzen den ikusten duten bitartean".

"Eguna joan eta eguna etorri", Konstituzioari eraso egitea egotzi dio Sanchezek PPri

"Eguna joan eta eguna etorri", Konstituzioari eraso egitea egotzi dio Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Alderdi Popularrari; "eskubideak eta askatasunak" murriztuta. Agintera iristen denean, zin egin du lan erreforma eta LOMCE legea bertan behera utziko dituztela.

PSOEko buruak Konstituzioaren erreforma egitea babestu du 1978ko "belaunaldien arteko aliantza" berritzeko, PPren inmobilismoaren eta beste alderdi batzuek (Ahal Duguri zeharka aipatuz) itun hori "hausteko" duten asmoen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista Idoia Mendia albisteak