Politika -

Auzitegi Gorena

Arrospide espetxeratzearen aurka agertu dira Goreneko sei epaile

Zigorren pilaketaren inguruan Europak adostutako legedia Santiago Arrospide ETAko presoari ez aplikatu izana "akastzat" jo dute Auzitegi Goreneko sei epailek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zigorren pilaketaren inguruan Europak adostutako legedia Santiago Arrospide ETAko presoari ez aplikatu izana "akastzat" jo dute Auzitegi Goreneko sei epailek. Izan ere, epaitegi horretako Zigor Aretoak hartutako erabakiaren aurka (alegia, Santiago Arrospide espetxetik ez ateratzea) boto partikularra aurkeztuko dute.

Sei epaile horien ustez, Parot doktrinarekin egindako “akatsa” errepikatuko du Auzitegi Gorenak. Europar Batasuneko legediak ez duela zertan ETAko presoen kaleratzea ekarri behar ebatzi zuen Gorenak urtarrilaren 13an. Erabaki horren alde bederatzi epaile agertu ziren; kontra, berriz, beste sei epailek bozkatu zuten. Hortaz, ETAko presoei zigorren pilaketa ez aplikatzea erabaki zuen Gorenak.

Epaia ez dute oraindik oso-osorik argitaratu baina dagoeneko sei epaile horiek iragarri dute boto partikularra emango dutela. Bertan, euren argudioak azalduko dituzte aipatu epaileek.

Estrasburgoko Auzitegiak Parot Doktrina bertan behera utzi zuen, eta horrek zenbait preso espetxetik kanpo eraman zituen, tartean ETAko batzuk. Kasu horretan, zigorren atzeraeragina aplikatzen zela ulertu zuen Estrasburgok.

Gorenaren erabakiaren aurka agertu diren epaile horien iritziz, Kepa Pikabea ETAko presoaren kasuan hartutako ebazpenak beste preso batzuei eragingo die, zigorren atzeraginaren inguruko akatsa errepikatuz.

Hortaz, sei epaile horien arabera, baliteke Auzitegi Konstituzionalak edo Estrasburgokoak Gorenaren erabakia bertan behera uztea eta, ondorioz, ETAko zenbait preso espetxetik atera behar izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena argazkiak Presoak argazkiak ETA