Politika -

PPren ekitaldia

Gauza guztiei dagokien izena jarriko diela hitzeman du Marotok

Bere konpromisoa eta "bandera" Gasteiz dela nabarmendu du Gasteizko alkateak, eta "politikan zuzen" arituko dela iragarri du.

Alfonso Alonso, Arantxa Quiroga, Javier Maroto eta Javier De Andrés popularrak. Argazkia: EiTB
Marotok dio gauza guztiei dagokien izena jarriko diela

1:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Alkatetzarako PPko hautagaiak larunbat honetan honetan azpimarratu duenez, "amaitu egin da politikoki zuzena dena. Gauza guztiei dagokien izena jarriko diet". "Orain arte bidezkoa dena defendatu ez dutenak babestuko ditut nik", gaineratu du.

Bestalde, bere konpromisoa eta "bandera" Gasteiz dela nabarmendu du Marotok, eta "politikan zuzen" arituko dela iragarri du.

Halaber, Marotok azpimarratu du bere konpromisoak direla, tartean, hurbiltasuna, hitzemandakoa betetzea eta gardentasuna. Oposizioari aipamena eginda, Marotok esan du gainerako proiektuek "apurketa" dakartela. Hala ere, "guztiekin" akordioak lotzeko prest azaldu du, "Gasteizerako ona baldin bada".

"Batzuek bakarrik hitz egiten dute, guk, ordea, egin dugu", laburtu du alkateak. Gainera, alkatea izateagatik eta berriro hautagaia izateagatik harro azaldu da Maroto.

Duintasunaren alderdia

Bestalde, Alfonso Alonso Osasun, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun ministroak larunbat honetan esan duenez, "duintasunaren eta topaketaren alderdia da Arabako PPa, edozein talderen asmoaren edo nazionalitatearen gainetik, eta batasunaren alde egiten du Gasteizen, Euskadin eta oro har Espainian".

Gasteizko alkatetzarako PPren hautagaiaren aurkezpenean izan da Arabako PPko egungo presidente Alfonso Alonso. Javier Maroto Gasteizko egungo alkatea hautagaia izango da berriro. Ekitaldia Gasteizko hotel batean egin dute, eta Alderdi Popularreko beste hainbat kide izan dira bertan, tartean, Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidentea.

Alonsok azaldu duenez, datozen lau urtetan hazkunde izango da Espainian, eta Gasteizek "proiektu fidagarria behar izango du, aurreikuspen horiek okertu ez daitezen".

"Apustu seguruena zara", esan dio Alonsok Marotori. Gainera, alkatearen "hurbiltasuna", "bihotza" eta "ausardia" nabarmendu ditu, kalean gertatzen denari buruz eta herritarrei interesatzen zaienaren gainean hitz egin baitu. "Gasteizek batasuna behar du, ez errietarik ezta zatiketarik ere", ondorioztatu du Osasun ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea