Politika -

Andaluziako hauteskunde ostean

Krisia UPyDn: lau arduradunek dimititu eta Rosa Diezen aurka egin dute

Tenak, Andinak, Lozanok eta Anchuelok kargua utzi eta Diezen dimisioa eskatu dute. Fernando Mauraren esanetan, alderdia "agortuta dago proiektu politiko gisa ez duelako lekurik".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Tena, David Andina, Irene Lozano eta Alvaro Anchuelo -azken biak diputatuak dira- kargua utzi dute bart UPyD alderdiaren Zuzendaritza Batzordean, Ciudadanosekin akordioak ez egitea ebatzi eta gero.

Alderdi horren iturriek EFEri jakinarazi diotenez, Zuzendaritza Batzordean Ciudadanosekin itunak egiteko aukera bozkatu dute, datozen hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko, Rosa Diezek zuzentzen duen alderdiak Andaluziako hauteskundeetan porrot egin ondoren.

Zuzendaritza Batzordeak, baina, proposamenaren kontra egin du, eta horrek UPyDren Zuzendaritzako lau kidek dimisioa ematea ekarri du, bozketarekin ez daudelako ados, alderdiaren arabera.

UPyDren Zuzendaritza Kontseilua 21 kidek osatzen dute, eta astelehenetan bildu ohi dira. Bart bilera gauerdia pasatxo zenean bukatu da. Atzo bertan, Rosa Diezek prentsaurrekoa eman zuen Andaluzian jasotako emaitzen balorazioa egiteko, eta alderdikide askok "etsigarritzat" jo zuten Diezen agerraldia.

Diezek onartu egin zuen Andaluziako hauteskundeen UPyDk lortutako emaitzak "txarrak" izan direla "aitzakiarik gabe", baina, era berean, baieztatu du ez duela dimisioa aurreikusten, militanteen babesa jasotzen duen bitartean eta, hortaz, hauteskunde orokorretan hautagai nagusia izateko primarioetan aurkezteko asmoarekin jarraitzen du.

Toni Cantok Twitterren duen kontuan esan duenez, alderdiak "honaino ekarri gaituzten erabakien aurrean erantzun" behar du, eta Alvaro Anchuelok -normalean asko neurtzen ditu hitzak- esan du emaitzak "txarrak" izan direla, eta ondorioak atera beharko direla "behingoz".

Bestalde, Fernando Maura UPyDren eurodiputatuaren esanetan, alderdia "agortuta dago proiektu politiko gisa, ez duelako lekurik".

Mauraren arabera, "martxoaren 22an UPyD hil egin da, alderdi moduan, eta ez da existitzen, hauteskundeen ikuspuntutik".

Rosa Diezen dimisioa

Irene Lozano UPyDren diputatuaren ustean, UPyD berritu ahal izateko, Rosa Diezek dimisioa eman beharko luke, hauteskunde andaluziarren porrotaren erantzunkizuna berea baita.

Lozanok azaldu du UPyDren Zuzendaritza taldeko kide osoak dimititzeko proposatu zuela, alderdiak Andaluziako Parlamentuan "inolako ordezkaritzarik ez izatea" eragin duelako. "Porrota onartu egin dugu, baina norbaitek dimisioa eman beharko du", esan du.

Rosa Diezen esanetan, "UPyDk beharrezko izaten jarraitzen du oraindik", baina ez du dimititzeko aukeraren inguruan ezer adierazi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia UPyD Alderdi politikoak berriak