Politika -

'Cabacas auzia'

Bilboko Udalak Cabacas omendu eta justizia eskatu du

Aresok gogora ekarri duenez, "Iñigo hil zenetik hiru urte betetzear direnean, oraindik erantzuteke daude galdera batzuk, eta lehenbailehen argitzea espero dugu".

Areso: 'Erantzunik gabeko galdera asko daude oraindik'

01:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak omenaldia egin dio gaur Iñigo Cabacasi, Ertzaintzaren pilotakada batek jota 2012an hil zen gazteari, eta babesa helarazi dio familiari, "justizia egin dadin".

Ibon Areso Bilboko alkatea buru zela, ekitaldia egin dute udaletxean Athletikeko jarraitzailearen omenez, eta Cabacas familiari adierazi dio Udala haien "ondoan" egongo dela, "behingoz eta betiko justizia egin dadin". Alkatearen arabera, familiak prozesu judizialaren amaierak emango liokeen lasaitasuna behar du.

Iñigo Cabacasen gurasoak, beste senide batzuk, lagunak, udal taldeetako ordezkariak eta Josu Urrutia Athletiken presidentea bertaratu dira, besteak beste.

Aresok "Bilboko herritarren eta Udalaren berotasun eta maitasun guztia" helarazi die hildako gaztearen gurasoei.

"Ez dago munduan seme-alabak galtzea baino min handiagorik. Konponbiderik ez duen hutsunea da, bete ezin den hutsunea, eta aurrera jarraitzeko horrekin bizitzen ikasi behar da", gaineratu du.

Bestalde, Aresok gogora ekarri duenez, "Iñigo hil zenetik hiru urte betetzear direnean, oraindik erantzuteke daude galdera batzuk, eta lehenbailehen argitzea espero dugu". "Horixe da garatutako edozein herrialdetako justizia sistemari eska diezaiokegun gutxienekoa", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Athletic Iñigo Cabacas auzia Bilbo Ertzaintza