Politika -

Eskariak

Atzera bota dituzte Euskal Herrira gerturatzeko 30 presoren eskariak

Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu ETAko 30 presok Euskal Herrira gerturatzeko egindako eskariak. Abokatuek helegiteak iragarri dituzte.

Epaileak atzera bota ditu presoen hurbiltze eskariak

00:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu ETAko 30 presok Euskal Herrira gerturatzeko egindako eskariak.

Banan-banan egindako eskari horietan, presoek eskubide urraketak salatu zituzten, baina Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak dio ez dela halako urraketarik egon eta auzi administratiboaren bidera jo behar dutela esaten die presoei.

Bisita orduak, ikasteko aukera eta beste hainbat eskubide, gainerako presoek eta gainerako espetxeetan dituzten eskubide berdinak direla argudiatu du Auzitegi Nazionalak.

Presoen abokatuak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztea aztertzen ari dira. Beste 30 presoren eskariak ere aztertu behar ditu Auzitegiak.

Erabakiak ETAko zenbait kide historikori eragingo die; Francisco Múgica Garmendia 'Pakito', José Javier Arizkuren 'Kantauri', Henri Parot, Felipe San Epifanio eta Xabier Alegriari, besteak beste.

Maria de los Reyes Jimeno epaileak beste 30 presoren eskaerei erantzun beharko die. Epailearen esanetan, zaintza-epaileari ez dagokio lekualdatzeei buruzko erabakirik hartzea; hori Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Zaintza-epaileek presoen eskubideak bermatu behar dituztela nabarmendu du.

Helegitea

Eskaerak bideratu dituzten abokatuek dagoeneko iragarri dute dagozkien helegiteak sartuko dituztela Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka.

Zugarrondo Abokatuak bulegoak igorritako agiri batean jakitera eman dutenez, presoen defentsa ebazpenaren kontra dago "erabat".

Bestalde, salaketa gogorra egin dute, ebazpen judizialen "etengabeko filtrazioek" eragiten duten "egoera kaltegarriarengatik", autoak hedabideei helarazten dizkietelako abokatuei edo "kaltedunei" baino lehenago.

Espainiako Gobernua

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du sakabanaketa politika amaitzea "ETAren eta presoen esku" dagoela, indarrean jarraituko baitu ETA behin betiko desegiten den arte.

Horixe adierazi du ministroak Buñuelen (Nafarroan) egindako ekitaldi batean, Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren harira.

Ministroak gogora ekarri duenez, Auzitegi Nazionalaz gain, Europako Kontseiluak ere ebatzi du kartzela politika horrek Europako Giza Eskubideen ituna errespetatzen duela, eta ez duela "inola ere" urratzen.

Ministroak gaineratu du sakabanaketa politikaren "aliatu nagusia ETA" dela, "zeren ETA desagertuko balitz, desegin dela iragarriko balu, ez genuke sakabanaketa politika orokorrean aplikatu beharko".

Hala, ETAk eta presoek badakitela "zer egin behar duten" azpimarratu du.

Etxerat

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak berretsi du presoen sakabanaketak, Auzitegi Nazionalak esan duenaren kontra, "oinarrizko eskubideak urratzen dizkiela" presoei eta senideei.

Etxeraten arabera, "sakabanaketak min gehigarria eragiten duela eta presoez gain senideak eta lagunak zigortzen dituela ukatzeak ez du bat egiten errealitatearekin, beste interes batzuekin baizik".

EH Bildu

EH Bildu Auzitegi Nazionalaren erabakiaren kontra agertu da, eta "arduragabekeriaz eta koldarkeriaz" jokatzea egotzi dio epaitegiari.

Koalizioak azpimarratu du auzitegiari dagokiola presoen eskubideen errespetua bermatzea, eta horren ordez, "beste behin ere", eskubideak "nola urratu diseinatzeko" erabili dutela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea