Politika -

Hauteskundeak

Laura Perez izango da Ahal Duguren Nafarroako zerrendaburua

Bestalde, Denok Bat zerrenda “ofizialak” Ahal Duguren barne-hauteskundeak irabazi ditu EAEn. Juan Luis Iturria (Bizkaia), Patricia Gete (Gipuzkoa) eta Koldo Martin (Araba) zerrendaburuak izango dira.

Laura Perez Ruano. Argazkia: Efe
Laura Perez Ruano.
Laura Perez Ruano. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Perez Ruano aukeratu dute Nafarroako Ahal Duguren zerrendaburu izateko maiatzean Nafarroako Parlamenturako egingo diren hauteskundeetan.

Perezek, Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusi ere badenak, 997 boto (% 75,93) jaso ditu; Francisco Espinosa Martinek, 200 (% 15,23); eta Juan Carlos Lutiz Coloradok, 116 (% 8,83).

Laura Perezek azpimarratu du gaurko bozketaren ondorioz "indartu" egin dela alderdiaren egitura eta alderdia bera, "gainean ditugun hauteskundeei aurre egiteko".

"Barne prozesuak beste alderdi batzuentzat ahuldadeak erakusteko modu bat badira ere, ziur gaude barne demokrazian sakontzea demokrazia indartzeko modua dela; horregatik, zailtasunak ager daitezkeen arren, sinesten dugunari eustea da helburua lortzeko bide bakarra", azaldu du.

Perezek uste du "une historikoa dela" Nafarroak "aldaketa" behar duelako, eta "aldaketa hori herritarrengandik" iritsi behar delako.

Haren esanetan, "lehenik politika egiteko moduan sustatu behar da aldaketa. Aldaketa hori ukaezina da, boterearen egiturek aurre egin arren".

Denok Batek barne-hauteskundeak irabazi ditu EAEn

Bestalde, Denok Bat zerrenda “ofizialak” Ahal Duguren barne-hauteskundeak irabazi ditu EAEn. Ondorioz, alderdiak ahaldun nagusiak izateko hautagaiak aukeratu ditu, Podemosek webgunean jakitera eman duenez.

Juan Luis Iturria Gallegok babes handiena jaso du, bozen % 49arekin (1.149 boto). Iturria historia irakaslea da Balmasedan eta Bizkaiko ahaldun nagusia izateko hautagaia izango da.

Neskutz Rodriguez Ormazabalek (marketin eta komunikazio irakaslea) 999 boz jaso ditu, % 44. Hirugarrena Patricia Gete Nuñez izan da. Getek 993 boz lortu ditu, botoen % 44. Boto gehien jaso dituen gipuzkoarra denez, ahaldun nagusia izateko hautagaia bera izango da teorian.

Iosu del Moral donostiarrak 957 boto (%42,7) eskuratu ditu. Bosgarrena David Noe izan da, ondoren Elsa Pamparacuatro, Monica Mora, Koldo Martin (Arabako ahaldun nagusia izateko hautagaia), Luis Angel Sanchez de Lachina eta Maria Isabel Fernandez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Nafarroako Hauteskundeak Podemos Ahal Dugu Nafarroa