Politika -

EAE-ko auzitegi nagusia

Txarli Prietoren kontrako salaketa ikertuko du Fiskaltzak

PSEko egoitzetako segurtasuna handitzeko lanak buruzagi sozialistaren enpresari esleitu izanagatik ikerketa abiatuko du EAEko Auzitegi Nagusiaren fiskalak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk Araban zituen egoitzen segurtasuna handitzeko lanak Txarli Prieto PSEko legebiltzarkidearena zen Escoiba enpresari esleitzeagatik, buruzagi sozialistak iruzurra egin eta dokumentuak faltsutu ote zituen ebazteko ikerketa abiatzea erabaki du asteazken honetan Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak.

Arabako Fiskaltzari martxoaren 23an era anonimoan heldutako salaketa bat du oinarri ikerketak. Fiskaltzaren arabera, esleipenaren ingurukoez gain, lanok benetan kobratu ziren ikertuko du Calparsorok, hain justu, salaketa jarri zuenak zalantzan jarri duena.

Prieto Arabako sozialisten buru zela, PSEk lurralde honetan hainbat egoitzaren segurtasuna bermatzeko lanak egin zituen 2010-2011 urteen artean. Zehazki, Rivabellosa, Amurrio, Bastida, Laudio eta Agurain herrietako egoitzetan egin zituzten beharrok, eta beste enpresen artean, orduko hartan Prietorena zen Escoiba konpainiak egin ote zituen ikertuko du Calparsorok.

Salaketaren arabera, PSEk 70.000 euro bideratu zituen lanok egiteko, eta hori hala dela frogatzen duten banketxeko taloien fotokopiak aurkeztu ditu. Lanok egiteko Espainiako Barne Ministerioaren laguntzak erabili zituen Alderdi Sozialistak. Salatzaileak bere idatzian dioenez, "gaingastuak" eta azkenean burutu ez ziren lanak "ezkutatzea" izan zuten helburu.

Txarli Prietok delituren bat (iruzurra egitea edo dokumentuak faltsutzea) egin ote zuen ebatzi beharko du orain Fiskaltzak. Ministerio Publikoaren arabera, salaketa era anonimoan iritsi izanak ez du ikerketa errazten.

"Normaltasun osoz" egindako kontratazioak

Prietok berak onartu du "normaltasun osoz" eta "legearen baitan" egin zirela kontratazioak, "segurtasuna eta konfiantza" argudiatuta. PSEko legebiltzarkideak presazko agerraldia egin zuen atzo, egunkari batek salaketaren berri eman eta gero.

"Segurtasun eta konfiantza" arrazoiengatik besteak beste Escoiba enpresa kontratatzea erabaki zutela argudiatu zuen atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. "Ez litzateke oso zentzuzkoa izango konfiantzazkoa ez zen enpresa bat kontratatzea", gaineratu du.

Erantsi zuenez, Escoiba enpresarekin lotura izan du, beste bazkide batekin zuzentzen baitzuen. Izan ere, 1992 eta 2012 urteen artean, enpresa horretako kudeaketaz arduratu zen. 2009an, politikagintzan hasi zenean, "jarduera bietan" aritu zen aldi berean.

Gai "desatsegin" hau lehenbailehen konpontzeko, Fiskaltzaren "esanetara" dagoela esan zuen Txarli Prietok.

PSEko zuzendaritzak ere legebiltzarkidea babestu zuen atzo, eta irregulartasunik egon ez zela nabarmendu zuen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak argazkiak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak PSE-EE