Politika -

Bisitak kartzelara

Jaurlaritzak dio presoekin hitz egiten duela, ez duela negoziatzen

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak gogorarazi du kolektibo horiekin biltzea "normala" eta "legezkoa" dela.

Urkullu eta Fernandez, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Urkullu eta Fernandez, artxiboko irudian.
Urkullu eta Fernandez, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak esan du ez dutela "ezer" negoziatzen presoekin edo presoen senideekin, hitz egiten dutela besterik ez. Horren harira, kolektibo horiekin biltzea "normala" eta "legezkoa" dela azpimarratu du.

Fernandezek agerraldia egin du gaur Legebiltzarrean, PPk eskatuta, presoekin eta horien senideekin izan dituzten bileren inguruko azalpenak emateko eta, bereziki, Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohiari espetxean egin zion bisita eta Etxerat euskal presoen senideen elkartearekin lehendakariak izan zuen batzarraren nondik norakoak azaltzeko.

Bake eta Bizikidetza idazkariak esan du bilera horietan ez dagoela "misteriorik". "Ez dago itunik, ez dago konpromisorik, elkarrizketak dira, adostasuna eta bizikidetza ahalbidetzeko jarrerak gerturatzeko asmoz", gaineratu du.

Gainera, elkarrizketa horiekin ez dutela "ezkutuko itunik" bilatzen argitu du; izan ere, "gaur egun ez dago baldintzarik akordioak egiteko", baina bai iraganaz hitz egiteko, giza eskubideen urraketak "estali" gabe, eta autokritikan oinarrituta.

Era berean, ukatu egin du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren kontrako "konfrontazioan" sartu nahi duenik, eta gogorarazi du Urkullu Rajoyren atea "jo eta jo" ari dela kartzela politika "partekatzeko" asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Presoak argazkiak