Politika -

Administrazioaren Legea

Oposizioak 'negoziatzeko borondaterik eza' egotzi dio Jaurlaritzari

Administrazio Publikoaren Lege Proiektua "testu txarra" zela salatu dute oposizioko taldeek.

Negoziatzeko borondate falta egotzi dio oposizioak Jaurlaritzari

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Administrazio Publikoaren Lege Proiektua negoziatzeari uko egin izana egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, baina beste testu bat adostea eskaini dio.

Gasteizko Gobernuak erretiratu egin du gaur lege proiektua, eta Josu Erkoreka bozeramaileak ekimenari "betoa" jarri izana egotzi die EH Bilduri, PSE-EEri eta UPyDri, Jaurlaritza "ahultzeko xedez" eta "hauteskunde interesak" direla eta.

"Gobernua txalotzen ez badugu, betoa jarri diogula esaten dute. Erkorekak eta Urkulluk nahastu egin dituzte betoa eta desadostasuna", esan du Urruzunok. "Benetako arazoa zen lege proiektua oso txarra zela", gaineratu du.

Nolanahi ere, beste testu bat adosteko prest agertu da. Horren esanetan, lege proiektuaren "hutsune" nagusia zen EAEko Administrazio Publikoa baino ez zuela oinarri; hau da, udal eta foru administrazioak ez zituela aipatu ere egiten.

PSE-EE

Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak "larderiaz jokatzea" eta "negoziatzeko borondaterik eza" leporatu die Jaurlaritzari.

Buruzagi sozialistak azaldu duenez, lege proiektua "txarra" zen EAEko sektore publikoa arautzeko eta gardentasun irizpideak ezartzeko, eta "gezurra" esatea egotzi dio Erkorekari, oposizioko taldeei "hauteskunde interesak" leporatzeagatik.

Pastorrek nabarmendu du EAJk 27 eserleku baino ez dituela Legebiltzarrean, eta, ondorioz, gainerako taldeekin akordioak lortzera "behartuta" dagoela.

PP

PPtik, Borja Semper legebiltzarkideak "gobernatzeko eta akordioak lortzeko gaitasunik ez izatea" aurpegiratu dio Gobernuari.

Semperrek azaldu du 261 zuzenketa partzial aurkeztu zituztela, baina, hala ere, "Jaurlaritza eta EAJ ez ziren harremanetan jarri PPrekin horren garrantzitsua zen lege proiektu bat negoziatzeko".

"Gobernuak koldarkeria erakutsi du testua erretiratuz. Bozketa bat galtzen badu, bere gain hartu behar ditu ondorioak, baina ez burua lur azpian sartu, ostrukek bezala, eta hori da, hain zuzen ere, Jaurlaritzak eta Erkorekak egin dutena", deitoratu du.

UPyD

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak kritika gogorrak egin dizkio Jaurlaritzari: "ETAko presoekin hitz egiten du, baina baztertu egiten du talde parlamentarioekin negoziatzea".

Maneiroren hitzetan, Gasteizko Gobernua ez da UPyDrekin harremanetan jarri gai honi buruz hitz egiteko. "Egin izan balu, negoziazioak izango genituzkeen", erantsi du.

"Badirudi Jaurlaritzak ez zuela lege proiektua onartu nahi", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak