Politika -

Herri Harresia

Epaiketa politikoak amaitzeko eskatu dute milaka lagunek Iruñean

Hamar gazte nafarren aurka Auzitegi Nazionalean astelehenean hasiko den epaiketaren kontra protesta egin du martxa zaratatsu batek. Auzipetuei Segiko kideak leporatu diete.

Antoniutti parketik abiatu dute martxa. Argazkia: EFE
Antoniutti parketik abiatu dute martxa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat arratsalde honetan Iruñean izan den martxa zaratatsuan parte hartu dute ehunka lagunek, xede izanik hamar gazte nafarren aurka Auzitegi Nazionalean astelehenean hasiko den epaiketaren kontra protesta egitea. Auzipetuei Segiko kideak leporatu diete.

Antolatzaileen ustez, 1.500 lagun bildu dira, eta Udaltzaingoaren aburuz, berriz, 500 bat. Iruñerriko Herri Harresiak deitutako manifestazioa izan da. Antoniutti parketik abiatu dute martxa, 18:00ak pasata, eta "Entzun gaitezela. Epaiketa politiko gehiagorik ez" leloa zeraman pankarta izan da martxaren buruan.

Gainera, astelehenetik aurrera Auzitegi Nazionalean epaituko duten hamar gazteak ere izan dira bertan. Bakoitzarentzat 10 urteko espetxe-zigorra eskatu dute, eta epaiketak sei egun iraungo du.

Ibilbidean zehar txistuak, danborrak eta megafonoak erabil dituzte zarata egiteko. Maider Caminos Iruñerriko Herri Harresiaren bozeramaileak adierazi duenez, gazte horiek epaituko dituzte "beren militantzia politikoa dela eta".

Gainera, Caminosek salatu duenez, Nafarroan 34 lagun daude hainbat prozesu judizialetan murgilduta, eta Euskal Herri osoan, berriz, 200etik gora.

Hainbat auzoetatik abiatutako zutabeak hiritik igaro dira, eta Gaztelu plazan bat egin dute azkenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak