Politika -

Auzitegi Nazionalean

Aske uztea eskatu du Santi Potrosek haren kontrako epaiketan

Soares Gamboa damututako ETAko kideak esan duenez, Arrospidek eman zuen Buron Estatuko fiskalburua hiltzeko agindua.

Arrospide, gaurko epaiketan. Argazkia: EFE
Santiago Arrospidek ez du deklaratu

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Arrospide Sarasola Santi Potros ETAko buruzagi ohiak aske uztea eskatu du haren kontra Auzitegi Nazionalean gaur hasi den epaiketan. 1986. urtean Luis Antonio Buron orduko Estatuko fiskala hiltzen saiatzeagatik epaitu dute Arrospide.

ETAko kideak ez die fiskalaren eta akusazioaren galderei erantzun eta ez deklaratzeko duen eskubideari heldu dio. Fiskaltzak 14 urteko espetxe zigorra eskatu du Potrosentzat (17 urte, garaiko Zigor Kodea aplikatzen bada), hilketa terroristaren saiakera eragitea leporatuta. Arrospideren defentsak errugabe jotzea eskatu du, frogarik ez dagoela argudiatuta.

Juan Manuel Soares Gamboa damututako ETAko kideak deklaratu du saioan. Nabarmendu duenez, ETAko zuzendaritzak ematen zituen atentatuak egiteko aginduak, eta hala izan zen kasu honetan ere. Soares Gamboak esan duenez, Santiago Arrospidek eman zuen agindua, idatziz edo hitzez eman ote zuen gogoan ez badu ere.

Fiskalak Soares Gamboaren lekukotza nabarmendu du, eta 'Langraitz Bidea' hartu duen lehen ETAko kidearena dela azpimarratu du. Fiskalaren arabera, Soares Gamboaren testigantza "balekoa" da, ez duelako mendeku gosez egin, justiziari laguntzeko asmoarekin baino.

Ines del Rio ETAko kideak ere deklaratu du gaur epaiketan. Esan duenez, ez zekien Madril taldeak Buron Barbaren kontra atentatua egin behar zuenik, orduko hartan bera taldeko azpiegiturako kidea zelako, eta ez zuen atentatuak egiteko ardura. Gainera, adierazi duenez, iragan den denbora dela eta, ez ditu garai hartakoak ondo gogoratzen, eta ez zuen espero epaiketa honetara deklaratzera deitzerik.

Inmaculada Noble Goikoetxea ETAko kideak ere antzerako deklarazioa egin du, eta azpiegiturako kide zela nabarmendu du.

Hiru saiakera

Akusazioaren behin-behineko idazkian Ministerio Publikoak azaldu duenez, Antonio Troitiño, Iñaki de Juana, Juan Manuel Soares Gamboa eta Idoia Lopez Riaño ETAko kideek 'Madrilgo Taldea' osatzen zuten, eta Luis Antonio Buron hiltzeko agindu eman zien Santi Potrosek. Horretarako, Estatuko fiskalaren etxebizitzaren helbidea eman zien.

Plangintzaren arabera, ETAko kideek auto bat lapurtu behar zuten Zarautzen, eta hodi granada-jaurtigailuak jarri zituzten. Ibilgailu ofiziala ondotik igarotzean, granada horiek leherrarazteko asmoa zuten. Lehenengo egunean ezin izan zuten atentatua egin, egun horretan fiskalaren autoa ez baitzen zegokion lekutik igaro.

Bigarrenean, aldiz, ETAko kideek kale egin zuten berriro kalearen estutasuna dela eta, granada-jaurtigailuak zartaraztea ezinezkoa ezin zitzaielako. Azkenean, 1986. urteko maiatzaren 8an, lehergaiak zituen autoa Madrilgo Vallehermoso kalean jarri zuten Juan Manuel Soareresek eta Antonio Troitiñok, hortik "halabeharrez" fiskalaren autoak igaroko zuelakoan.

La Tigresak eta De Juana Chaosek granada-jaurtigailuak lehertzeko agindua zuten, baina biak lokartu egin ziren, eta ez zuten atentatua gauzatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Presoak argazkiak ETA