Politika -

Madril

Kultura zinegotziaren txio batzuk, Carmenaren lehen buru-haustea

Baliteke Guillermo Zapatak dimisioa ematea edo Manuela Carmenak kargugabetzea, duela lau urte idatzitako txio batzuek hautsak harrotu baitituzte azken egunotan.

Manuela Carmena Madrilgo alkatea. EFE
Manuela Carmena Madrilgo alkatea. EFE
Guillermo Zapataren txioek hautsak harrotu dituzte

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuela Carmena Madrilgo alkateak ez du baztertu Guillermo Zapata Kultura zinegotzia kargutik kentzea, duela lau urte idatzitako txio batzuek polemika handia piztu baitute egunotan. Horietan, umore beltza egin zuen Holokaustoari eta beste hainbat indarkeria motatako biktimei buruz.

"Guillermorekin hitz egin behar dut, eta ondoren hausnarketa egingo dut", azaldu du Carmenak, bart La Sexta telebista katean eskainitako elkarrizketan.

Gaur goizean EFE agentzian ere hitz egin du, eta beste aukera bat utzi du mahai gainean: Zapata Kultura zinegotzi ez izatea, baina Udalean bertan "beste zeregin batzuk" izatea.

Alkateak aitortu egin du "ezinegona" sortzen zaiola mina eragin dezakeen umore beltzaren aurrean.

Zapatak berak ez du baztertu dimisioa ematea, bere txisteen biktimek "sufritzeari uzteko" eta "ekaitz politikoa baratzeko".

Horren ildotik, "erantzukizunak onartzeko prest" agertu da, Ahora Madrid "proiektu kolektiboa" baita.

Txio polemikoak

Polemika piztu duten txioak 2011n idatzi zituen Zapatak, hots, duela lau urte, Kultura zinegotziak politikan barrena egin baino lehen. Orduan, gidoilaria, zinemagilea eta idazlea zen.

Adibidez, txio batean, honakoa idatzi zuen: "Nola sartuko zenituzke 5 milioi judu 600 auto batean? Hautsontzi batean". Beste hainbat mezutan antzeko txisteak egin zituen Irene Villa ETAko biktimaren edo Marta del Castilloren kontura. Horregatik, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek horren dimisioa eskatu dute.

Zapatak berak hainbat hedabidetan azaldu duenez, txio horiek umore beltzaren mugei buruzko eztabaida baten baitan idatzi zituen, El Pais egunkariak Nacho Vigalondo zinemagilea kaleratu eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea