Politika -

'Thierry'ren omenaldia

Iker Rodrigori urte eta erdiko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute

Gainera, Sortuko buruzagi ohiari kargu publikoan aritzeko 12 urteko debekua ezartzea eskatu du, Lopez Peñaren zerraldoari egindako harreragatik. Rodrigoren abokatuak, ostera, absoluzioa eskatu du.

Iker Rodrigo Basterretxea Sortuko buruzagi ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Iker Rodrigo Basterretxea Sortuko buruzagi ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Iker Rodrigo Basterretxea Sortuko buruzagi ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iker Rodrigo Basterretxea Sortuko buruzagi ohiari urte eta erdiko espetxe-zigorra eta kargu publikoan aritzeko 12 urteko debekua ezartzea eskatu du gaur fiskalak epaiketan, Auzitegi Nazionalean. Francisco Javier Lopez Peña Thierry ETAko kidearen hilkutxari 2013an, Bilbon, egindako harrera ekitaldia antolatzeagatik terrorismoa goratzea leporatzen diote.

Epaiketa Auzitegi Nazionalaren San Fernando de Henareseko (Madril) egoitzan egin dute gaur. Teresa Sandoval fiskalak terrorismoa goraipatzea egotzita zigorra eskatu du, ekitaldia antolatu izanagatik. 2013ko apirilaren 12an, Loiuko aireportuan, “gora ETA” oihu egin zuten parte-hartzaileek.

Iker Rodrigo Sortuko koordinatzailea zen orduan. Ekitaldia antolatu zuenik ukatu du Rodrigok epaiketan. Zerraldoari egindako harreran familiaren lagun gisa parte hartu zuela erantsi du.

Defentsa absoluzioa eskatu du

ETA goratzeko borondaterik ez zuela izan eta parte-hartzaileei agindurik eman ez ziela gaineratu du Sortuko buruzagi ohiak. “Gora ETA” garrasi egin ez zuela zehaztu du. Guzti horregatik, Jone Goirizelaia abokatuak absolbitzea eskatu du. Frogarik ez dagoela azaldu du Goirizelaiak.

Era berean, alderdi politikoak ekitaldiak antolatu ez zituela baieztatu du Maribi Ugarteburu Bizkaiko Sorturen koordinatzaileak. Thierry Pariseko ospitale batean hil zen. Frantziako kartzela batean preso zegoen.

Gorpua Bizkaira heldu zenean egindako ekitaldi guztiak senitartekoek antolatu zituztela berretsi dute Thierry-ren anai batek eta arreba batek. Alderdi politikoek antolaketan parte hartu ez zutela argi utzi nahi izan dute.

Hala ere, Guardia Zibileko bi kapitainek ziurtatu dutenez, akusatuak ekitaldiaren antolaketan parte hartu zuen. Horrela, atxiloketaren unean, autoan, agenda bat zeramala azaldu dute guardia zibilek. Agendan ekitaldia nola egin behar zuten zehazten zela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Azken albisteak Sortu