Politika -

EUSKADI IRRATIA

Oiarbide: 'Aldarrikatzetik gauzatzera igarotzea da hurrengo urratsa'

Gure Esku Dago herri dinamikak atzo antolatu zituen ekitaldien balorazio 'oso positiboa' egin du Angel Oiarbidek. 'Anbizioa handia zen, eta erantzuna ere handia izan da', esan du.

Gasteizen, atzo, erabakitzeko eskubidearen alde egin zen ekitaldia.
Gasteizen, atzo, erabakitzeko eskubidearen alde egin zen ekitaldia.
Gasteizen, atzo, erabakitzeko eskubidearen alde egin zen ekitaldia.

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Oiarbide Gure Esku Dago herri ekimeneko bozeramaileak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, adierazi duenez, atzo Euskal Herriko bost hiriburutan erabakitzeko eskubidearen alde egin ziren ekitaldiak "herritarren jarreraren adierazle" izan ziren. "Herritarrak izan ziren protagonista, herritar aktiboak. Bakoitzak nahi duen lekuan jarriko du fokua,  baina dudarik ez dago, bidea hau dela: sentsibilitate askotariko herritarrak oinarrizko eskubide baten inguruan biltzea lortu dugu, berriro", esan du.

Milaka herritar bildu ziren ekitaldi guztietan. Anoeta leporaino bete zen, eta San Mamesen eta Iruñeko zezen plazan hutsik geratu ziren aulkiak, gizartearen argazkiaren isla direla nabarmendu du Oiarbidek.  "Ikusi zen aulki hutsak, oraindik, egon badaudela. Hori da gizartearen argazkia. Aulki huts horiek erakusten dute gizarte honetan asko dagoela egiteko erabakitzeko eskubidea oinarria izan dadin",  azpimarratu du.

Datorren urtean hainbat herritan iragarri diren galdeketei buruz galdetuta,  Oiarbidek esan du tokian tokian  dagokionarekin adostutako prozesuak izango direla, ez Gure Esku Dago dinamikak antolatutakoak.  Galdeketak egiteko prozeduren "protokoloa" jasota dutela, baina horiek martxan nola eta noiz jarri herritarrek erabaki behar dutela esan du.

Atzokoaz gogoeta egiteko eta, batez ere, hemendik aurrerako bidea zehazteko asteon lurralde batzarrak egingo dituzte.  Datorren urtean ekintza handirik egongo den ez du argitu, baina argi utzi du hemendik aurrera "mamiari" helduko diotela.  Oiarbideren  hitzetan, "erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pausoa eman nahi dugu. Ez ginen sortu aldarrikapenen zurrunbiloan urtea joan eta urtea etorri egoteko. Aldarrikatzetik gauzatzera trantsizioa egingo duen herri dinamika bat gara".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku bideoak