Politika -

Libre! plataformak

'Herriko tabernen' epaiaren aurkako mozioa aurkeztuko dute Donostian

Libre! Plataformak, gainera, manifestazioa deitu du Donostiako Aste Nagusirako, epaiketa politikoak eta 'herriko tabernen' aurkako epaia salatzeko.

Libre! plataformaren hainbat kide bildu dira Donostiako Loiola auzoan. Argazkia: Libre!
Herriko Tabernen kontrako zigorraren indargabetzea eskatu dute

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libre! epaiketa politikoen kontrako plataformak iragarri duenez, 35/02 sumarioaren epaiaren aurkako mozioa aurkeztuko du Donostiako Udalean eta, gainera, manifestazioa deitu du Donostiako Aste Nagusirako, epaiketa politikoak eta 'herriko tabernen' inguruko ebazpena salatzeko.

Libre! Plataformako hainbat kide eta aipatutako sumarioan zigortutako zenbait lagun, tartean, Joseba Alvarez edo Agus Rodriguez, Herriko Hontzaren aurrean izan dira larunbat honetan, Donostiako Loiola auzoan. Adierazpenak egin ostean, 13:00etan manifestazioa abiatu dute bertatik "eskubide zibil eta politikoen alde".

Rodriguezek gogoratu duenez, bederatzi egun igaro dira Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioa epaitu zuenetik. Ebazpen horretan 20 lagun zigortu dituzte ?Rodriguezen aburuz, "lan politikoa egiteagatik"-, horietatik lau donostiarrak izanda (Rodriguez bera, Alvarez, Juani Lizaso eta Joseba Permach), eta 104 tabernen itxiera agindu (horietatik bost, Donostian daude: Hontza, Marruma, Herria, Haritza y Txalaka).

"Herri-borondateak batzeko eta ekintza politiko bihurtzeko deia" egin du Rodriguezek. Gainera, iragarri duenez, Donostiako Udala osatu ostean, lehenengo osoko bilkuran sumario horren aurkako mozioa aurkeztuko dute. Horrez gain, epaiketa politikoak eta 'herriko tabernen' aurkako epaia salatzeko manifestazio handia deitu du Donostiako Aste Nagusirako.

Bake- eta justizia-agertoki berria

Bestalde, bertan bildutakoek adierazpen bat sinatu eta "urteaz herritarrek bizi izandako gatazka eta sufrimendua" salatu dute. "Azken urteetan izandako urratsek eta agertoki berriak justizian eta bakean oinarritutako etorkizun baterako aukerak sortu dituzte", gaineratu du. Gauzak horrela, "irtenbidea oztopatu nahi duten traba berriak kanpo geratu behar dira".

Amaitzeko, adierazpen horren bitartez "eskubide zibil eta politiko guztien alde" egin nahi izan dute. Gainera, agiri horren sinatzaileek ondorioztatu dutenez, "ez da bidezkoa eta ez dauka logikarik ekintza politikoa egiteagatik militanteak zigortzea ezta herriko tabernak ixtea ere".

Bestalde, Galdakaon eta Tolosan ere epaiketa horren zigorren aurkako protestak izan dira larunbat honetan. Gauzak horrela, Galdakaon (Bizkaia) manifestazioa egin dute, eta Tolosan (Gipuzkoa), berriz, giza kate baten bitartez gauzatu dute salaketa. Giza kate horrek herriko kaleak zeharkatu ditu, eta Plaza Berrian amaitu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak