Politika -

GASTEIZKO UDALA

EAJk eta PSEk akordioa itxi dute Gasteizerako, koaliziorik osatu gabe

PSE-EEk iragarri duenez, datozen egunotan aurkeztuko dute akordio programatikoa. Gasteiztarrei 'egonkortasuna' bermatuko dien ituna dela esan dute sozialistek.

 

Gorka Urtaran PSEko Gasteizko ordezkariekin. EFE.
Gorka Urtaran PSEko Gasteizko ordezkariekin. EFE.
Sozialistak ez dira Gasteizko gobernuan sartuko

1:23

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk akordio programatikoa itxi dute Gasteizko Udalerako. Dena dela, bi alderdiok ez dute koalizio gobernurik osatuko, sozialistek baieztatu dutenez.

Gasteizko Udaleko 27 zinegotzietako 5 dira jeltzaleak. Gorka Urtaranek (EAJ) aginte makila hartu zuenetik, EAJk bere bost ordezkarien artean banatu ditu Udaleko lantaldeak, sozialistekin akordioa itxi zain.

Azkenean, PSE-EEk (4 zinegotzi ditu Gasteizen) Urtaranekin koaliziorik ez osatzea erabaki du, baina "akordio programatikoa" itxi du EAJrekin datozen lau urteotarako.

Sozialisten arabera, datozen egunotan emango dituzte jakitera publikoki akordioaren xehetasunak. "Akordio sendoa da, eta egonkortasuna bermatuko du: gasteiztar guztien onerako akordioa da", esan du PSE-EEk.

EH Bildu, Sumando-Hemen Gaude eta Irabazi alderdien botoei esker aukeratu zuten Urtaran alkate. PSE-EE abstenitu egin zen.

Arabako Foru Aldundia

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusiak ostiral eguerdian sinatu dute bi alderdien arteko akordio programatikoa Arabako Foru Aldundian agintzeko. Horren arabera, sozialistek bi sailen ardura hartuko dute eta gobernuan sartuko dira.

Sozialistek gaur jakitera eman dutenez, Aldundiko bi sail egongo dira PSE-EEren zuzendaritzapean. Cristina Gonzalezek hartuko du Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio Departamendua, eta Josu Lopez Ubiernak zuzenduko du Azpiegitura eta Mugikortasuna.

Datorren astelehenean hartuko dute kargua diputatu berriek, Foru Aldundiaren egoitzan. Hala, osatuta geratuko da Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren taldea.

Jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioak 74 neurri zehatz biltzen ditu eta horietako askok "enplegu egonkor eta kalitatezkoa" bultzatzea izango dute helburu.

Datorren legegintzaldira begira, ekonomia eta enplegua izango dira gobernuaren "lehentasunak". Hala, birsorkuntza ekonomikorako Mahaia eta industriari babesa emateko plan bat osatu nahi dituzte EAJk eta PSE-EEk. Enpleguaren alorrean hainbat neurri hartuko dituzte: Eusko Jaurlaritzarekin eta udal erakundeekin egitasmo bat egitea, enplegua aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntzeko neurriak, Lanbide Hezkuntza bultzatzea eta krisiaren ondorioz beren lanpostua galdu duten autonomoei laguntzeko programa bat abian jartzea.

Bestalde, Forondako aireportua 24 orduz irekitzea, Mugako Ikuskaritza Postua berreskuratzea, aeronautika industriari loturako poligono bat zabaltzea eta Jundizen merkantzien geltoki intermodala eraikitzea bultzatuko du Foru Gobernu berriak.

Halaber, gizarte zerbitzuetan Arabak zuen "lidertza berreskuratu" nahi dute jeltzaleek eta sozialistek. Hala, Mendekotasun Legea garatuko dute, etxez etxeko laguntza zerbitzua zabalduko dute, egoitzetako plazen kopurua handituko dute eta Gizarte Ongizaterako Foru erakundean enplegu deialdi publikoa deituko dute.

Arabako koalizio gobernuak Trebiñuren anexioa babestuko du eta haren "influentzia politiko guztia" erabiliko du Garoña zentral nuklearraren irekiera eragozteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Gasteiz berriak