Politika -

EHU-ren udako ikastaroak

Euskal alderdi politikoak, Konstituzioa erreformatzearen alde

Ortuzarrek, Arraizek, Mendiak, Quirogak eta Uriartek erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egin dute ikasleekin, Donostiako Miramar Jauregian egindako ikastaroan.

Alderdi politikoetako ordezkariak, Miramarren. Argazkia: Efe
Alderdi politikoetako ordezkariak, Miramarren.
Euskadiko alderdi garrantzitsuenen ordezkariak, udako ikastaroetan

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdi nagusien buruzagiek Espainiako Konstituzioa erreformatzeko beharra azpimarratu dute, baina alde handiak dituzte aldaketa motaren eta xedearen inguruan.

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroek euskal alderdi politikoetako buruzagi nagusiak bildu dituzte gaur Donostiako Miramar Jauregian: Andoni Ortuzar (EAJ), Hasier Arraiz (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Arantza Quiroga (PP) eta Roberto Uriarte (Ahal Dugu).

"Berrikuntza Politikoa: Konstituzio Erreforma, Autogobernua, Erabakitze-Eskubidea eta Independentzia" izeneko ikastaroaren baitan, alderdi bakoitzak 10 minutuko tartea izan du bere ikuspegia azaltzeko.

Gero, buruzagi politikoak ikastaroan izena emana zuten ikasleekin bildu dira haien iritziak eta ekarpenak entzuteko, politikariak herritarrekin elkarlanean jartzeko formatu aitzindari gisa.

EAJ

Hitza lehenengoz hartu duenean, Andoni Ortuzar EAJren presidenteak PSOEk Konstituzioa erreformatzeko egin duen proposamena izan du hizpide, eta "ur hotzik bota" nahi izan ez badio ere, ez du bat egin.

Ortuzarrek azpimarratu du "federalismo" eta "asimetriko" hitzak "gatazkatsuak" direla, baina EAJ "edozein eskaintzaren inguruan eztabaidatzeko prest" dagoela, nahiz eta "euskal subjektu politikoaren aitortza" jarri akordio batera iristeko baldintza gisa.

Independentziari dagokionez, Ortuzar alde agertu da, baina ez "gizartea zatitzearen" truke. "Independentista naiz eta baietz bozkatuko nuke, baina sekula ez nuke sustatuko gizartea zatituko balu", azaldu du.

EH Bildu

Hasier Arraiz EH Bilduren buruzagiak erabakitzeko eskubidea lortzeko "euskal bidea" azaldu du, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian hiru "prozesu eratzaile" aurreikusten dituena, bakoitza bere erritmora eta herritarren borondatearen arabera.

Arraiz "Espainiako Estatuan aldaketa soziala eta politikoa egiteko prest dauden indarrekin bat egitearen" alde agertu da, Espainiako Estatuan "prozesu eratzailea" abian jartzeko, betiere Euskal Herriaren eta Kataluniaren prozesu eratzaileak" eta "herrien eskubide nazionalak" errespetatzen baditu.

PSE-EE

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak sozialisten konstituzio erreforma azaldu du. Hala, "izate nazionalak" aitortuko dituela, "eskumenen banaketa" argituko duela, eta herritarren eskubide, askatasun eta berdintasun sistema "bermatuko" duela hitzeman du.

Era berean, Gernikako Estatutuaren erreforma ere aldarrikatu du, eta euskal autogobernua perfekzionatzea, bikoiztasunak ezabatuz eta eskumenak argituz, baina subiranotasun planteamenduak erabat errefusatuz.

PP

Arantza Quiroga PPren EAEko presidentea ere Konstituzioa aldatzeko prest agertu da, baina ez "lurraldetasunaren meloia irekitzeko", baizik eta herritarren parte-hartzean sakontzeko, alderdi politikoak zenbait alorretatik ateratzeko, eta "Espainiaren barruan autonomien harremanak aldatzeko".

Etorkizuna "Espainia anitzean elkartuta" egitea defendatu du, bere ustez "ezinezkoa" baita "Konstituzioa eta Estatutua onartzeko izan zen adostasuna gainditzea". Gainera, independentzia "egungo errealitatearen kontra doan kimera bat" dela iritzi dio.

Ahal Dugu

Azkenik, Roberto Uriarte Ahal Duguren idazkari nagusiak "erabakitzeko eskubidea" kontzeptuaren inguruan jarri du arreta, bere erabileran, bere ustez eskubide "indibiduala" baita, "gehiengoei aurre egiteko" erabiltzen dena.

Bestalde, politikariek "epe motzeko" erabakiak hartzeko duten joeraz ohartarazi du, eta aniztasuna eta prozedurekiko errespetua jarri du jarduera politikoaren oinarri gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea PP Donostiako informazioa EHU berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EH Bildu Nafarroa Euskal sozialistak