Politika -

Konstituzioaren erreforma

Jaurlaritzak neurriak eskatuko ditu autogobernua gehiago ez murrizteko

PPren legegintzaldiaren balantze negatiboa egin du Josu Erkorekak eta 'berehala' hauteskunde orokorrak deitzeko eskatu dio Mariano Rajoyri.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Jaurlaritzak aldebikotasuna exijituko du autogobernua babesteko

0:58

EUROPA PRESS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Konstituzioa aldatzeko prozesua abian jartzen bada, Eusko Jaurlaritzak "neurri zorrotzak" eskatuko ditu Euskadiren autogobernua gehiago debaluatu ez dadin. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, "ezinbestekoa da aldebikotasuna ziurtatuko duten gutxieneko oinarriak ezartzea" Espainiako Gobernuak Euskadiren eskumenak murrizten, higatzen eta mugatzen jarrai ez dezan.

Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, PPren legegintzaldiaren balantze negatiboa egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Ildo horretan, hauteskunde orokorrak "berehala" deitzeko eskatu dio Mariano Rajoyri, hemendik aurrera egindako akatsetan sakondu besterik egingo ez duela argudiatuta.

Josu Erkorekak azpimarratu du "akordioren bat salbu", Mariano Rajoyk Iñigo Urkullu lehendakariari helarazi dizkion planteamendu gehienak "zintzilik" gelditu direla. Hori dela eta, hauteskunde orokorren ondotik sortuko den Gobernuaren izaera beste bat izatea espero du: irekiagoa, akordioak lortzeko prest dagoena eta Eusko Jaurlaritzarekin ulertzeko jarrera duena. Horrela, hitz egiteko gaitasuna izatea eskatzen dio Erkorekak hurrengo Espainiako Gobernuari. Halaber, Alderdi Popularrak bultzatutako "berzentralizazioaren gehiegikeriak zuzentzeko" eskatu dio hurrengo Gobernuari.

Erkorekaren hitzetan, Rajoyren Gobernuak bultzatutako berzentralizazio prozesuak ez dauka aurrekaririk "izan duen intentsitateagatik eta indarragatik", eta egindakoa hurrengo legegintzaldietan zuzendu beharko dela nabarmendu du.

Konstituzioaren balizko erreformaz galdetuta, Erkorekak esan du Konstituzioa aldatzeko hainbeste proposamen egoteak aldaketaren bat egongo denaren itxaropena areagotzen duela. Hala ere, ez du uste erreforma izango dela ziurtatzeko bermerik dagoenik, haren ustez, ez baitago proposamen bateraturik alderdien artean.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak uste du Espainiako Konstituzioa aldatzeak "berzentralizazio prozesua" geldiarazi dezakeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak