Politika -

Katalunia

Penagarria da PPk erasoka erantzutea Kataluniako aferan, dio Erkorekak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramalearen esanetan, "arazo politiko" baten konponbidea politikoa izan behar da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak ohartarazi egin dio PPri "arazo politikoak", esaterako Kataluniako prozesua, ez direla "erasoekin eta mehatxuekin" konpontzen, baizik eta elkarrizketaren bidez. Gainera, Alderdi Popularrak abiarazitako ekimena, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak betetzen ez dituztenen kontraren inguruan, Erkorekak esan du Espainiako Gobernuak berak ez dituela "betetzen".

Hala mintzatu da Erkoreka PPk gaur, asteartea, Auzitegi Konstituzionala erreformatzeko aurkeztutako proposamenaren inguruan, Gobernu bilera bukatu eta gero.

Ekimen horren bidez, Konstituzionalak funtzionarioak eta agintariak kargutik kentzeko gaitasuna izango du, baldin eta epaiak eta ebazpenak ez badituzte betetzen. Nahiz eta administrazio orori eragingo dien, Kataluniak independentzia iragartzekotan egindako ekimena da. PPk ziurtatu egin du neurri hori aukera hori saihesteko "bermea" izango dela.

Jaurlaritzaren bozeramaleak azaldu du ez duela proposamena sakonki ezagutzen, gaur bertan iragarri dute. Halere, ziurtatu egin du "deigarria" dela ekimenak Konstituzionalaren erabakiak ez betetzeko aukera azpimarratzea.

"Badirudi bete behar diren Konstituzionalaren epaiak autonomia erkidegoen independentziaren ingurukoak direla. Besteak ez al dira bete behar?", esan du.

Jaurlaritzaren bozeramalearen arabera, "arazo politiko" baten konponbidea politikak berak ekarri behar du. Edonola ere, faltan sumatu du elkarrizketarako borondatea ez izatea, Mariano Rajoyren Gobernuaren partetik. "Elkarrizketa beharrean, erasoa eta mehatxua. Eta erasoak eta mehatxuek ez dute arazoa konponduko", ohartarazi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Eusko Jaurlaritza albisteak