Politika -

Bake eta Bizikidetza Plana

Espainiak armagabetzearekiko duen 'inplikazio' falta salatu dute

Jaurlaritzaren Bake Planaren ebaluazioa egin duen aditu taldearen iritzian, Rajoyren gobernuak ez du prozesuan "inplikatu nahi izan" eta horregatik dago, besteak beste, ez atzera ez aurrera.

Fernandez, Hernando eta Iñigo Urkullu lehendakaria aditu taldearekin. Argazkia: EFE
Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza plana, aztergai

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren ebaluazioa egin du giza eskubideetan aditu diren lau laguneko talde batek. ETAren armagabetzearen "blokeoa" zerk eragin duen aztertzean, argi dute adituok. Hein batean, Espainiako Gobernuak prozesuarekiko erakutsi duen "inplikazio' faltak eragin du. Euren ustean, Rajoyren gobernuak ez du armagabetzean "esku hartu nahi izan, epe laburrera etekin politikorik emango ez diola ulertuta". Jarrera hori salatu dute Covadonga Morales Bertrand, Francisco Rey Marcos, Jesus A. Nuñez Villaverde eta Roberto Toscano giza eskubideen aholkulariek.

Armagabetzea ez atzera ez aurrera egotearen erantzukizuna ETArena ere badela uste dute lau aditu hauek. Armak entregatzeko egin dizkioten eskaeren aurrean, "entzungor" aritu dela kritikatu dute.

Bake prozesuaren egungo egoera eta Jaurlaritzak arlo honetan egindako proposamenak aztertu dituzte Moralesek, Reyk, Nuñezek eta Toscanok eta gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jonan Fernandez eta Monika Hernando, Bake eta Bizikidetzaren eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak lagun zituztela.

Bake Planari egindako lehen kanpoko txostena da honakoa. 2015eko apirilean eskatu zion Jaurlaritzak Gatazka eta Ekintza Humanitarioei buruzko Ikerketen Institutuari (IECAH, gazteleraz). Oro har, balorazio positiboa egin dute adituek eta egitasmoa "malgua eta adiskidetzailea" dela iritzi diote. Euren ustez, Urkulluren gobernuak "erantzukizun politikoz" jokatu du. Halere, bake iraunkorra lortzeko oztopo diren "jarrera inmobilistak" aipatu ditu Francisco Rey Marcos institutuko zuzendariak.

"Blokeo egoera"

Txostenaren egileen arabera, Rajoyren gobernuak "ez du prozesuan esku hartu nahi izan, epe ertainera etekin politikorik emango ez diola ulertuta".

ETAren jarrera hizpide hartuta, aditu taldeak uste du ez armagabetze horrek "aparteko galera" suposatzen duela "baldintza politikorik jarri gabe desegiteko eskatzen dion gizartearen gehiengo zabal horrentzat". Ebaluazioa egin duten lau lagunen aburuz, erakunde armatuak ez du "armak uzteko duen borondatearen proba sinesgarri nahikoa eman".

Jaurlaritzak armagabetzearen prozesuan izan duen papera ere aztertu dute adituek. Txostenaren arabera, Urkulluk buru duen gobernuak "ezin izan du prozesua azkartu" ETAk ez diolako 'Armagabetze eraginkorra egiteko Proposamena"ri "erantzun eraginkorrik" eman.

Plan de Paz evaluación Bakea eta Bizikidetza txostena. Jonan Fernandez Iñigo Urkullu Monika Hernando. EFE

Covadonga Morales Bertrand, Francisco Rey Marcos, Jesus A. Nuñez Villaverde eta Roberto Toscano adituak, Gasteizen. EFE

Alderdiak ere, ez atzera ez aurrera

Bake Plana gauzatzeko "oztopoen" artean alderdi politikoek erakutsi duten jarrera aipatu dute ebaluazioaren egileek. Lau adituon aburuz, "boto-emaileen babesa galtzeko beldur" dira batzuk.

Biktimei dagokionez, adituek uste dute "zenbait elkartek ez dagokien" protagonismoa dutela eta, beraz, "prozesua blokeatzeko" nahikoa indar dutela. Horren aurrean, biktimen rola "errealitatera moldatzeko" deia egin dute, "lekuz kanpo dauden ametsak bazter utzita".

Espetxe politikari dagokionez, sakabanaketa bertan behera uztea, ETAko presoei ezartzen zaien "salbuespenezko" legedia bazter uztea eta presoen birgizarteratzea bultzatzea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua albisteak ETA Eguneko albisteak