Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Terrorismoari zilegitasuna kentzeko lantalde bat sortzea eskatu du PPk

"Egungo bake lantaldean eragindako mina aitortzen ez dutenekin baino ez zaudete", esan dio Arantza Quirogak EAJri.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko PPk bakeari buruzko beste lantalde bat sortzea proposatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, oinarria "terrorismoari zilegitasuna kentzea" izanda.

Arantza Quiroga bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean luzatu du proposamena, politika orokorreko eztabaidan. "Egungo lantaldean eragindako mina aitortzen ez dutenekin baino ez zaudete", gogorarazi dio agintariari.

"Bi aukera daude: iragana zuritzea edo terrorismoari zilegitasuna kentzea", nabarmendu du legebiltzarkide popularrak. Horren ildotik, terrorismoaren biktimen % 92 ETAk eragin dituela gogorarazi du.

"Euskal herritarrek iraganeko oztopoei aurre egin behar diegu", azpimarratu du.

Autogobernua

Bestalde, Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana “argi” dagoela esan du. Izan ere, “besteek deseatzen dutena Euskadik badu jada”, esan du, Kataluniako eztabaida independentistaren harira.

"Espainiaren eta Euskadiren arteko harremana argi dago: gure berezitasuna aitortuta dugu, eta gure autogobernua eta zerga ahalmena bakarrak dira Europan. Beste tankerako harremana behar dugu?", galdetu dio lehendakariari.

EAEko PPko presidenteak ukatu egin du Gernikako Estatutua krisian dagoela, eta, horren ildotik, krisian dagoena "lehendakariak eskuduntzak kudeatzeko ahalmena" dela adierazi du.

Quirogaren ustez, Estatutuaren "potentzialtasuna" ez dago aski aprobetxatuta. “Euskadik behar duena da autogobernua eta Estatutua modernizatzea", aldarrikatu du legebiltzarkideak, eta "kexak ez puzteko" deia egin dio Urkulluri.

Ekonomia

Alde ekonomikoari dagokionez, EAEko 'popularren' buruak kritikatu egin ditu diru-bilketaren abuztuko datuak, "errealismo zaplaztekoa" izan baitira. Hori horrela, datuok Urkulluren "planifikazioa" kaskarra izan dela eta Euskadik "arazo estrukturalak" dituela erakusten dutela esan du.

Halaber, gutxiengoan gobernatzen ari dela gogorazi dio Urkulluri, eta PSE-EEren babesa "erronka berriei heltzeko" nahikoa ez dela  iritzi dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra Arantza Quiroga Euskadiko PP bideoak Gaurko azken ordukoa