Politika -

Politika orokorreko eztabaida

PSEk aldi berean nahi ditu Estatutuaren eta Konstituzioaren erreformak

Etorkizuna "memoria eta bizikidetza oinarri sendoen gainean" eraikitzearen alde egin du, "ETA beste talde terrorista batzuekin nahastu beharrean".

Mendia eta Pastor. Argazkia: Efe
Mendia eta Pastor.
Mendia eta Pastor. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak errefusatu egin du Iñigo Urkullu lehendakariaren "foru nazioa", bere "azken aurkikuntza", eta Estatutuaren eta Konstituzioaren erreformak aldi berean egitea eskatu du. Gainera, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia "Estatutua legetik eta adostasun maila gorenetik gaurkotzeko" prest dagoela gogorarazi dio Urkulluri.

Mendiak Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren Politika Orokorreko Eztabaidan azaldu duenez, PSE-EEk "egitasmo zabal bat prestatu nahi du datozen euskal herritarren belaunaldi berrientzat, Gernikako Estatutuaren inguruan egindako ituna berritzean datzana; eguneratzeko, funtzionatu duena eta funtzionatu ez duena ikusiz, eta gazteek bere egin dezaten".

Mariano Rajoyk sustatutako "eskumenen etengabeko blokeoa" errefusatu ostean, "etorkizunean halakorik ez gertatzea" aldarrikatu du. Gainera, Kontzertu Ekonomikoa babestu du, eta "autogobernu indartsuagoa, seguruagoa, sozialagoa, erabilgarriagoa eta solidarioagoa" nahi duela gaineratu du.

"Hor, lehendakari, posible da sozialistekin akordioa lortzea. Posible da Estatutua legetik eta adostasun maila gorenetik eguneratzea, hori izan baitzen Legebiltzarraren agindua. Baduzu gure konpromiso historikoaren berri, bertatik bertara ezagutzen duzu PSOEren idazkari nagusiak bide horretan duen prestutasuna", azpimarratu du.

Memoria eta bizikidetza

Bestalde, PSE-EEren buruzagiak etorkizuna "memoria eta bizikidetza oinarri sendoen gainean" eraikitzearen alde egin du, "ETA beste talde terrorista batzuekin nahastu beharrean". "ETAk bizirik jarraitzen du, baina ez dugu guztiok gaitzesten. Gainerako talde terroristak dagoeneko ez dira existitzen, eta denok gaitzesten ditugu", azpimarratu du.

Horren harira, "biktimek egiaren eta justiziaren alde lanean eta minaren ustezko arduradunak atxilotzen jarraitzea gogoko" dutela, "baina ezker abertzalearentzat ustezko terroristak atxilotzea deserosoa" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra bideoak Idoia Mendia albisteak PSE-EE