Politika -

MASEN INPUTAZIOA

Mas: 'Ez nuen desobeditu. Matxinada demokratikoa izan zen'

Catalunya Radi irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, Kataluniako jarduneko presidenteak esan du legearen barruan aritu izan dela beti.

Artur Mas: 'Ez naiz ez heroi eta ez martiri'

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako jarduneko presidenteak iazko azaroaren 9ko galdeketa defendatu du, erabat legezkoa izan zela berretsiz. Horren hitzetan, legearen barruan aritu zen beti, araurik hautsi gabe: "Ez nuen legegerik desobeditu. Politikoki matxinada demokratikoa izan zen: hatestontziak atera genituen", adierazi du.

Catalunya Radi irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, epaileen aurrean bere burua defendatzeko erabiliko dituen argudioak iragarri ditu. Besteak beste, Masek jakinarazi du Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko galdeketa bertan behera utzi zuenean, Generalitateak zuzenean galdetu ziola Auzitegiari bertan behera utzi beharrekoa zer zen. Ez zuten erantzunik jaso, Masen hitzetan, eta, beraz, aurrera egitea erabaki zuten. "Ez ziguten erantzun, eta  aurrera egin genuen", gaineratu du.

Inputazioak izan ditzakeen ondorioei buruz galdetuta, Masek adierazi du Kataluniak azken urteotako prozesuan argi eta garbi erakutsi duela egungo ordenamendu juridikoarekin ez datorrela bat eta zuzenbide esparrua aldatu beharra dagoela.

"Ez martiria, ez heroia" ez dela adierazi du Masek. Herriaren "zerbitzari" apaltzat du bere burua, eta egiteko hori hartuta,  urriaren 15ean  deklaratzera joango dela ziurtatu du: "Lluis Companys Kataluniako presidente ohiaren omenaldian parte hartu ondoren joango naiz", esan du. Izan ere, Companys tropa frankistek fusilatu zutela 75 urte beteko dira Mas deklaratzera deitu duten egun berean.

Jardunean dagoen presidenteak aitortu du azaroaren 9an  hautestontziak jarrita,  Estatuari "demokratikoki" aurre egin ziola, baina, betiere, legearen  barruan. Azaroaren 9ko galdeketagatik jarritako helegiteei joan den igandean herriak egin ziela "politikoki" aurre esan du.

Halaber, azaroaren 9ko galdeketa aurrera eramateko diru publikoa ez zela bidegabe erabili adierazi du. Egun horretan erabilitako ordenagailuak eta bestelako baliabideak, ondoren beste erabilera bat izan dutela ziurtatu du, eskoletan, besteak beste.

Inhabilitatuko balute zer egingo lukeen galdetuta, ondorengoa erantzun du: "Inhabilitatzen baldin banaute, eta Espainiako ordenamenduaren baitan jarraitzen badugu, horrek ondorio jakinak izango ditu. Ezin gaitezke errealitate horretatik atera. Beste kontu bat da Kataluniako ordenamendu juridiko propioa eraikitzea eta horren baitan aritzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia Artur Mas albisteak